Gurpildun aulkian gomazko paletan aritzen den Pagazpe elkarteko kirolari taldea laguntzeko, jaialdi benefikoa antolatu dute azaroaren 17rako. Laguntza behar dute, kirolean aritzeko gurpildun aulki bereziak erosteko laguntza. Horretarako, pilota jaialdia antolatu dute, aipatu moduan, hilaren 17rako. Zehaztasun gehiago, antolakuntzak NOAUA!ra bidali duen ohar honetan:
Guk ere Euskal Pilotan aritu nahi dugu!
Badira zazpi urte pasa hainbat frogatxo egiten hasi ginela. Ordutik asko aurreratu dugu. Bi pilotari eta entrenatzaile bat hasi ginen eta hara, konturatzerako ia hamar pilotari eta hiru entrenatzaile dituen taldea osatzera iritsi gara. Euskal Pilotako gomazko paletan jokatzen dugu, gurpil aulkian hain zuzen. Usurbilgo Pagazpe elkarteko pilotariak gara, nahiz eta Gipuzkoako hainbat txokotan bizi.
Gomazko paletako joko arauak gurpil aulkian jokatzeko egokitu genituen lehenik eta behin, denboraldi osoko entrenamendu sistematizatua finkatu ondoren eta iazko denboraldian, Gipuzkoako gomazko paletako lehenengo txapelketan parte hartu genuen. Kirol Egokituen Gipuzkoako Federazioak eta Euskal Pilotako Gipuzkoako Federazioak laguntza eskerga eskaini digute ibilbide honetan.
Kirol joko tradizional honetaz gozatzeko, gure urritasun fisikoa dela medio, ezinbestekoa da pilotan jarduteko egokiak diren gurpil aulkiez baliatzea. Aulki berezi hauetako bakoitzak 3.500 euro inguruko balioa du eta gurea bezalako elkarte txiki batek ezin dio neurri honetako gastuei aurre egin.
Azaroaren 17an, Usurbilgo pilotalekuan, arratsaldeko 18:00an hasita gurpil aulkiak erosi ahal izateko jaialdi benefikoa antolatu dugu. Sarrera 5 eurokoa izango da eta ondorengo lau desafioez gozatu ahal izango da:
Anima zaitezte guztiok jaialdi honekin gozatzera! Ezetz asmatu partiden amaierako emaitza!? Sari bikainak zozketatuko dira apustuak asmatzen dituztenen artean.