III. Antzerkizale Eguna ospatu zen larunbatean Usurbilen. Goizean tailerrak eta arratsaldean zenbait antzezlan, tartean, Ander Lipus protagonista zuen "Publikoari gorroto" obra. Aspaldiko partez, Sutegi toperaino bete zen. Lehenago, antzerki talde desberdinen kalejira ospatu zen frontoi inguruan eta antolakuntzak manifestu bat ere irakurri zuen. Hitzez hitz, honakoa:
antzerki zaitut
Antzerki zaitut. Antzerki zaitut eta antzerki zaitudalako nago gaur hemen, plazan. Antzerki zaitugulako, alegia, gaude, zaleok gaude plazan. Antzerkizaleok gaude plazan. Antzerkizaleok: antzezle eta idazleok, ikusle eta programatzaileok, zuzenean zein zeharkan taularatze baten une errepikaezinean parte hartzen duten guzti-guztiok. Antzerkizaleok: amateur, profesional eta tarteko sasi guztiok, kritikari eta ikerlariok, eskolarteko titirimundi eta auzo bazterreko saltsero jatorrok. Pelaje ugari, beraz. Bakoitzak bere kolorea, bere soinua, bere usaina, bere zaletasuna bizitzeko modua. Bakoitzak beretik eta ahal bezain ongien. Norberaren gustukoa topatzen ez duenak... sor dezala berea! Izan ere, maitasunean bezala, “Antzerki zaitut” esateko modu guztiak asmatu gabe daude oraindik.
Izan ere, maitasunean bezala, “Antzerki zaitut” esaten dugunean “Antzerkiak bizi gaitu” esaten ari gara aldi berean; euskal antzerkia bizirik behar dugula guk bizi ahal izateko, alegia.
Esana daukagu, bai: antzerkia, deus baino lehenago sorkuntza baldin bada, gure sozietatearen kultur lurralde eta ostertzak zabaldu ditzakeen sorkuntza bizia baldin bada, euskal antzerkia sendatzea, osatzea eta bizkortzea ezin garrantzizkoago helburua da; lehenengo, euskal antzerkigintzan ausartu, sartu eta sortu nahi dutenarentzat, eta gero, euskaldungoarentzat. Norbanako izateko. Herri izateko. Norbanako izanez herri izateko. Eta herri izanez norbanako izateko. Antzerkiak bizi gaitu eta bizi beti, beraz. Bedi. Beti.
“Antzerki zaitut” esaten dugunean euskal antzerkia sentitzen dugu. Guk, zaleook, bizia ematen diogu, kultura denona delako, antzerkia herritarron garapen eta gozamenerako tresna delako, antzerkiak izan garen eta garenaren erretratua ematen digulako, arrastoren bat behintzat, pista bat. Ondarea dugun iragana, iturri zaharra, berreskuratu, ezagutu eta maitatuko dugu oihala altxatzerakoan. Oraina bertan da, taupa-taupa! Izan ala ez izan, ekin eta bizitzeko, zabaldu eta gozatzeko. Eta etorkizuna... etorkizuna eraiki eta entsaiatuko dugu... estreinaldian, kaka! Ia akatsik gabe egiteko!!
Antzerki zaitut. Maitale zahar batzuen modura, ezti, gozo antzerki zaitut. Maitale berri baten gisan, sutsu, ero. Horrela zaitugu antzerki.