Azken uholdeen lehen urteurrena gaur

Noaua Aldizkaria 2012ko aza. 6a, 00:00

Azken euriteek eragindako uholdeen lehen urteurrena dugu gaur. "Aurretik harrapatutako guztia eraman zuen urak" titularrarekin eman genuen NOAUA! bidez, duela justu hamabi hilabete, 2011ko azaroaren 6an izandako uholdeen berri. Azaroko lehen igande goiza zen, bezperatan hasitako euri zaparradek ez zuten etenik. Alerta egoeran ginen, gogotik bota zuen hilaren 5etik 6rako gau eta goizaldean. Arazoak ordea, eguerdi partetik aurrera etorri ziren, hilaren 6ko bazkalosteko itsasgorarekin batera. Lehendik zuen ur emaria izugarria izanik, itsas maila igotzearekin batera, Oria ibaia bere bidetik atera eta kalte ugari eragin zuen, erriberetan bereziki. Baina baita "erriyo" bazterretik gertuen dauden zenbait etxebizitzetan ere. Ordu gutxitan, Txikierdi Zubietarekin lotzen zuen zubia ur azpian zen, Kaxkotik Santuenearako joan etorria ere ezin egin, bidea ur azpian baitzen. Txokoalde eta Aginaga inguruetan ere beste hainbeste. Erriberak urpean, eta ura zenbait etxebizitza atarietan. 

Kaxkoa eta hainbat auzune argindarrik gabe igaro zuten igande hura, besteak beste, ur-jasak Iberdrolak Zubietan duen subestazioa kaltetu baitzuen. Bigarren maila bateko ondoriorik ere ekarri zuten eurite haiek. Egun hartarako antolatuak zeuden ekitaldiak ere bertan behera geratu ziren eta; besteak beste, NOAUA!ren Kulturaldiaren baitan Sutegin programatua zuen Mursegoren kontzertua, edota Madrilgo Kongresu eta Senaturako hauteskunde kanpaina abiatu berria zenez, Amaiur koalizioak deitu zuen ekitaldia.  

Zauriturik ez zen izan, baina uholdeek eragindako kalteak begi bistakoak ziren, biharamunean. Lokatza han eta hemen, zikinkeria erriyo bazterretan... Halere, guztia bere onera ekartzeko egindako saiakera ere agerian geratu zen hurrengo egun eta asteetan. Auzolan Egunak deitu ziren Kaxkoan eta Zubietan, eta hainbat herritarrek parte hartu zuten garbiketa lanetan. Kalteen berri eman eta kaltetuentzako laguntzak bideratzeko zerbitzua jarri zuen martxan Udalak. Foru Aldunditik, Eusko Jaurlaritza eta gobernu espainiarrari ere laguntza eskatu zitzaien.

Irudia: Iñaki Salsamendi.