Zenbait herritarren iritziz, ibaia zaintzeak uholdeen kalteak arinduko lituzke

Noaua Aldizkaria 2012ko aza. 6a, 00:00

Oria ondoen, urteak errio bazterrean bizitzen daramatzatenek ezagutzen dute. Duela urtebete izandako uholdeen harira, Usurbil alderik alde zeharkatzen duen ibaiko hiru puntu desberdinetako herritarren lekukotzak jaso genituen. Uholdeen ondorioen berri eman ziguten. Etorkizunera begira jarrita, hemendik denbora batera uholdeak berriz gertatzea saihestezina izango dela jakinik, kalteak hainbestekoak ez izateko zerbait egin ote daitekeen ere galdetzen genien. Erantzunak argiak ziren. Elkarrizketatuek, Oria ibaia eta errio bazterrak garbi mantendu eta zaindu beharrak zeudela azpimarratzen zuten. 

Txikierditik Zubietara doan Aliri zubi ondoan, ibai ertzean kokatua dagoen Babilonia baserriko Julian Urkiolaren esanetan, "gure baserri atzean metro, metro eta erdi beteta dago zuhaitzekin eta horrek libre behar luke. Zuhaitzak moztu eta bazterrak garbituko bagenitu, ura aiseago joango litzateke. Nik uste naturak asko irakasten digula. Baina askotan naturari ez diogu erreparatu nahi izaten. Aurrera besterik ez dugu begiratzen, edo norbere patrikari besterik ez".

"Puntu beltz horietan zerbait egin beharko litzateke"
Orian beherago, azken uholdeetako beste puntu kritikoetako bat Santueneko Aialde Berri sagardotegi parean bizi izan zuten. Bertan Joxean Lazkanoren lekukotza jaso genuen. Oria ondoan egotera ohituta zeudela zioen. Uholdeak saihestezinak direla jakinik, berari ere zer hobetua ba ote zen galdetzen genion. Berak baietz zioen. "Presak mugikorra behar luke, lohia eramateko. Tren zubiak begi gehiago eta handiagoak behar lituzke agian, ur gehiago pasatzeko. Bestalde, ibaian dauden zuhaitzak ere paretak dira urarentzat. Bestalde, zer gertatzen da uholdeen ostean errioak zaborrekin modu honetan geratzeko?. Errioa ahalik eta garbi eta txukunena egotea interesatzen zaigu. Eta ikusten da, hobetu den lekuetan, Lasarten adibidez, ez dela halako arazorik izan. Puntu beltz horietan gutxienez zerbait egin beharko litzateke", adierazi zion NOAUA!ri.

Aginagan jaso genuen hirugarren lekukotza. Hainbat uholdeek kolpatu izan duten Mapil baserrian hain zuzen. Patxi Maiozekin hitz egiten, bere ustez, Orian hobekuntza lanak egin beharrak daude. "Errioa kanalizatu beharra dago. Lasarte salbatu egin da oraingoan. Zergatik? Txukun jarri zutelako, behar den bezala, urari pasoa eman diote. Presak enbarazu egiten du neure ustez. Irlak ere zer egiten du? Hori gabe, urak askoz beherako izango lirateke. Aurrera begira, uholdea berriz etorriko dela, ez egin dudarik", iragartzen zuen Maiozek.

Irudia: Iñaki Larrañaga.