Duela urtebeteko euriteek Oria ibai inguruan soilik ez, landa eremuan ere zenbait kalte eragin zituzten. Lurjausiak izan ziren han eta hemen. Ondorioz, Udalak 2012ko aurrekontuetatik diru kopuru bat bideratu behar izan du kalteoi aurre egitera. Azken konponketa lanak, udazken hasieran amaitu dira; albiste honen ondoan, Usurbilgo Udalak ateratako argazkian duzuen Aginagako Erribera bideko konponketa lanak hain zuzen. Excavaciones Begaretxe enpresak txukundu zituen inguruok.
Lehenago, Aginagatik mugitu gabe, Arrate aldera doan herri-bideko lurjausia konpondu zuen Excavaciones y Transportes César Álvarez S.L. enpresak. Ekaina hasierarako lanak amaituak ziren. Urdaiagatik Andatzara bidean, Igartzazabaletik Puelaberrira, Aitzmurgil parean izandako beste lurjausi bat ere konpondua dago. Kasu honetan, lanok Construcciones ERGA S.L. enpresak burutu zituen.
Bere ondasunetan guztira, 2011ko azaroko uholdeen ondorioz, 400.000 euro baino gehiagoko galerak izan dituela kalkulatua du Usurbilgo Udalak.
Irudia: Usurbilgo Udala.