Hezkuntzako parte hartze prozesuko bigarren bilera gaur

Noaua Aldizkaria 2012ko aza. 7a, 00:00

Etorkizunerako Usurbilgo hezkuntza eredu bateratua adosten lagundu nahi dutenek, gaur iluntzeko 18:30etan Potxoenean hitzordua dute. Udalak antolatua duen parte hartze prozesuko bigarren bilera burutuko da bertan. Bilkura irekia izango denez, herritar oro bertara daiteke Udalak deituriko saiora. Urriaren 24an egindako lehen bilerari jarraiki, gaurkoan, egungo egoeraren diagnosia aztertzen jarraitzekoak dira. 

Otsailera arte luzatuko den prozesuan, lehen bilera hauetan identifikatutako interes edo beharrei irtenbidea aurkitzeko aukera ezberdinak landu edota erabakitakoa martxan jartzeko eman beharreko pausoak zehaztu nahi dira.

Hasiera, jendetsua
Jendetsua izan zen, urriaren 24an Potxoenean burutu zen hezkuntzako parte hartze prozesuko lehen bilkura. Talde kideak elkar ezagutuz hasi zuten saioa. Bilerako partaide bakoitzak, abiatu berri den prozesuaz dituen aurreikuspenak zeintzuk diren idazteko aukera izan zuen, antzeko beste prozesuak gidatu izan dituen Nicola Foronik proposatuta. Udal ordezkari eta herritarrak bildu ziren hitzorduan, hezkuntza arloko egungo egoeraren diagnosia aztertzekoak ziren.