XIV. Erle Eguna, azaroaren 25ean

Noaua Aldizkaria 2012ko aza. 7a, 00:00

Azken urteotako tradizioari jarraiki, urteko hitzordu gozoena, azaroko azken igandean ospatuko da. Hilaren 25ean, XIV. Erle Eguna izango dugu Usurbilen. Erle Lagunak taldekoek aurtengo egitaraua prest dute jada, eta iragarri dituzten ekitaldien artean, duen gaurkotasunagatik eta eragiten ari den kezkagatik, liztor asiarra protagonista izango duen ekimen bat tartekatu dute goizetik eguerdi partera luzatuko den jaialdiaren baitan. Bertako erlea erasotzen eta akabatzen ari den aipatu animalia honi buruzko erreportaia eskainiko dute Sutegin. 

Gainerakoan, ez dira faltako, aurreko edizioetako osagaiak; ezti, gozogintza eta marrazki lehiaketak. Ezta erakusketa, azoka, musika... Eta eguna borobiltzeko bazkaria Aginaga sagardotegian. Aldez aurretik erosi beharko dira, otordurako txartelak. Zehaztasun gehiago datozen egunotan. Aurrerapen gisa, egitaraua, web orri honetako Agenda atalean kontsulta daiteke jada.