Sutegi udal liburutegiak duen eskaintza herritarrengana gerturatzeko jauzia emana du jada. Blog batean duten katalogoa, liburutegiari loturiko albisteak edota erabiltzaileentzat interesgarriak izan daitezkeen hainbat esteka bildu dituzte. Gainera, Facebook eta Twitterren ere bere tartea du udal liburutegiak. Hona hemen, Sutegirekin hartu emanetan jartzeko dauden bide berri eta desberdinak:
Telefonoa: 943 360 692.
E-posta: biblioteka@usurbil.net
Bloga: liburutegiak.blog.euskadi.net/usurbil/
Facebook: Usurbilgo Sutegi Udal Liburutegia
Twitter: twitter.com/usurbib
Youtube: youtube.com/sutegi05
Euskarri digital berriak
Sutegi udal liburutegiak baditu berrikuntza gehiago ere; ondoko argazkikoak hain zuzen. Sareko kontsultetarako edota hainbat lan egiteko ordenagailu eramangarri bat jarri dute. Baita bi liburu elektroniko ere. "Liburu elektroniko bakoitzak 400 dokumentu baino gehiago ditu, nobelak gehienbat, baina baita gai desberdinei buruzko liburuak ere. Klasikoak eta egile eskubideez libre diren dokumentuak", berri eman dio NOAUA!ri Bakartxo Iguaran udal liburutegiko langileak.
Bi liburu elektronikoak mailegagarriak dira. Nortasun agiria eta araudi orri bat sinatuz gero, 30 egunetarako mailegatu ditzakete 16 urtetik gorako herritarrek.