Munalurrarako sartu irteerak hobetzeko eskaera aurkeztu du udaletxean, Usurbilgo PSE-EEk. Egungo irisgarritasuna ez dela nahikoa uste dute, eta horregatik egin diote aipatu proposamena gobernu taldeari. Gogorarazten dutenez, Munalurrak hiru irteera ditu, baina sarbide bakarra. Horregatik, besteak beste, "kale baten noranzkoa" aldatzea nahi dute. Neurriokin, PSE-EEren ustez, "Munalurran dabiltzan ibilgailuen sartu irteerak hobetu eta sarbide zuzena izango lukete, auzunera itzultzeko Usurbilgo erdigunera joan beharrik izan gabe", adierazi dute prentsa ohar bidez.
Neurriok hartzea ezinbestekotzat jotzen du Usurbilgo sozialisten bozeramaile Ricardo Crespok, euren ustez, Munalurrako segurtasuna eta sartu irteerak hobetzea ekarriko dutelako. Arazo hau orain konpondu behar dela diote. "Hau da lan egiteko unea, egoera larriagoa izango baita, Agerreazpiko lanak bukatu eta familia gehiago bizitzera etorri ostean", ohartarazi dute. Euren esanetan, hobekuntza proposamenok, auzoko bizilagunen hamarnaka sinadurek eskatutakoari erantzuten diote.