Usurbilgo Udalak hondakinen prebentzio astea antolatu du, azaroaren 17tik 24ra. Denetariko ekitaldiak iragarri dituzte; auzokonpostarien I. batzarra, "Hondakin-Ongizate+" izeneko erakusketa, "Gure kaleak garbiago nahi ditugu!" ekimena Udarregi Ikastolako ikasleekin, etxetresna elektrikoen konponketa eta jostungintza tailerrak...
Eta tartean, baita hondakinen sortzez besteko ordainketari buruzko hitzaldia ere. Alor honetan aditu diren bi lagun gonbidatuko dituzte, azaroaren 22an Sutegira; Joan Pujol Argentonako Udaleko (Herrialde Katalanak) ingurumen teknikaria batetik. Berak, euren udalerrian martxan duten egitasmo honen eredua azalduko du. Eta bestalde, Ignasi Puig Environment and Management (ENT) taldeko kidea ere hitzaldian izango da. Berak, Usurbilen hondakinen sortzez besteko ordainketa abiarazteko bideragarritasun lana egin du.
Prebentzio aste honi buruzko zehaztasun gehiago, datozen egunotan. Bitartean, egunez egun antolatu dituzten ekitaldiak web orrialde honetako Agenda atalean kontsulta ditzakezue.