Urriaren 18an bildu zen lehen aldiz, eta gaurko deitu dute bigarren hitzordua. Iluntzeko 19:00etan Potxoenean, Parekidetasun Kontseilua bilduko da. Usurbilgo emakume eta gizon, guztiak gonbidatuak daude gaurko deialdira. Herritarren parte hartzea ezinbestekotzat jo zuten hain zuzen, aipatu bilguneak urriaren 18an burutu zuen lehen bilkuran. Orduko hartan, Udalaren alor honetako politikaren ibilbidea izan zuten aztergai. Gaur, aipatu moduan, kontseiluaren bigarren hitzordua.
Tailerretan, izen ematea irekita
Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak bi tailer antolatu ditu; txapa feministen eta autodefentsa feministari loturiko tailer bana hain zuzen. Txapa feministak egiteko tailerra, azaroaren 14rako antolatu dute, 17:00etatik 20:00etara Potxoenean. Medeak-eko kideek gidatuko dute saioa. Historian zehar emakume feministek eginiko aldarrikapenen lemak eta horiek islaturiko irudiak baliatuta, txapa propioak sortzeko aukera egongo da.
Izen ematea irekita
Autodefentsa feminista tailerra bi saiotan banatuko da, azaroaren 17an eta abenduaren 1ean, 10:00-14:00 artean Potxoenean. Zapalkuntzen aurrean emakume bezala har daitekeen jarrera aktibo eta iraultzailea da Autodefentsa Feminista eta horri buruz jardungo dute, Bilgune Feministak zuzenduko dituen bi saioetan.
Tailer hauetan izen emateko epea ireki dute jada. Parekidetasun Sailera deituta, 943 377 110 telefono zenbakira, edo parekidetasuna@usurbil.net helbidera idatzita apuntatu daiteke.