Alurr dantza taldea, "Gazta zati bat" eta erakusketa, Kulturaldiko asteburuko hitzorduak

Noaua Aldizkaria 2012ko aza. 9a, 00:00

NOAUA!k antolaturiko Kulturaldiko datorren hitzordua, larunbat honetan, azaroaren 10ean ospatuko da. Gaueko 22:00etan hasita, Ibarrako Alurr dantza taldekoen ikuskizunaz gozatu ahal izango da Oiardo Kiroldegian. "Izanak dirau 1512" izeneko emanaldia eskainiko dute, duela 500 urte Nafarroako erresuman gertaturikoa dantza bidez oroitaraziko dute. Ikuskizunerako sarrerak, 6 eurotan salgai daude Txiribogan, NOAUA!n eta baita egunean bertan ere. NOAUA!-ko bazkideek 5 eurotan eskuratu ahal izango dituzte, aldez aurretik eta NOAUA!ko egoitzan bertan. 


"Gazta zati bat", igandean
Euskal Herriko gatazka politikoa era berritzailean aurkezten duen “Gazta zati bat” dokumentala proiektatuko da Kulturaldiaren baitan, igande iluntzeko 19:00etatik aurrera Sutegiko auditorioan. Gaztagatik ezaguna den Euskal Herriko udalerri txiki batean abiatzen da dokumentalaren haria. Hortik aurrera, munduan zer izan erabaki ahal izatea, misio handi horren inguruan garatuko da ikus entzuneko saioaren edukia, Eskozia eta Euskal Herria lekuko gisa agertzen direla. Jon Maiaren dokumentala ikusteko sarrera doakoa izango da. 

Erakusketa, zabalik
Azaroaren 30ean amaituko da aurtengo Kulturaldia, "Leterekin Kantu Berbetan" izeneko ekitaldiarekin. Bitartean, gogoan izan, igandera arte zabalik jarraituko duela, NOAUA!ren 500 zenbaki eta 16 urteak laburbiltzen dituen erakusketa. Ordutegi honetan bisitatu ahal izango da, Sutegiko aretoan:
-Larunbatera arte: 18:00-20:00.
-Igandean: 12:00-14:00.