Behobia-Donostiara joateko autobusa Usurbildik, igande goizean

Noaua Aldizkaria 2012ko aza. 9a, 00:00

Iritsi da lasterkari askorentzako urteko proba garrantzitsuena; Behobia-Donostia. Igande honetan, azaroaren 11n ospatuko da. Bertan izena eman eta parte hartzeko asmotan diren usurbildarrentzat autobusa antolatu dute. Apuntatu direnak adi. Goizeko 8:45etan abiatuko da Bordatxo paretik. Autobusak Behobian utziko ditu lasterkariak. Proba amaituta, berriz Donostian hartu eta Usurbila itzuliko da. Joan etorria beraz, busez egin nahi duenak, telefono zenbaki honetara deitu besterik ez du: 666 987 083. Prezioa, 10 euro.

Ekaitz giroa
Urteroko marka haustea, Behobia-Donostiako izen ematean gertatzen da. 25.000 lagunetik gora apuntatu dira aurtengo ediziorako. Jendetza espero da beraz, etzi. Adi ordea, proba egunerako Euskalmet-ek egin duen eguraldi iragarpenari; "Negu giroko kutsua hartuko du eguraldiak. Ipar-isurialdean tarteka zaparradak botako ditu eta egunaren lehenengo partean ekaitza ere lehertu daiteke punturen batean. Hegoaldean berriz, hodeitza saretuago agertuko da eta euri askorik ez dugu espero; noizbehinka euri txikia egingo du. Nabarmen freskatuko du eta termometroek nekez gaindituko dute 10 ºC-ko muga. Elur-maila 1100-1200 m ingurura jaitsiko da. Kostaldean, ipar-mendebaldeko haizea temati ibiliko da, ufada gogorrekin, eta arratsaldean zehar ahulduz joango da".

Behobia-Donostiako lasterkariek, iganderako kontuan hartu beharreko informazioa.