Manifestazio nazionala deitu du Herrirak, larunbat honetarako Baionan. 15:30etan abiatuko da Euskaldunen plazatik. Mobilizazioa aldarrikapen hauen inguruan antolatu dute: euskal presoak Euskal Herrira ekartzea; eritasun larriak dituzten presoen libratzea; bizi osorako espetxe zigorrera daramaten legeri berezien deuseztatzea (Espainian 197/2006 doktrina eta perpetuite kondena Frantzian); zigorraren bi herenak edo hiru laurdenak bete dituzten presoen libratzea, eta Frantzian baldintzapean askatuak izan daitezkeen presoen libratzea; isolamendu egoerekin bukatzea; euskal iheslari politikoen aurkako jazarpenarekin amaitzea.
Laburbilduz, "espainiar eta frantziar espetxeetan dauden euskal preso politikoen giza eskubideak errespetatzea berehala hartu beharreko neurria dela pentsatzen dugu", adierazi dute Herrira mugimendutik. Tartean, aipatu moduan, iheslari politikoen aurkako jazarpenarekin bukatzea eskatzen dute. Aipatu kolektibo honek, bat egin du biharko mobilizazioarekin, Azkainen egin zuten agerraldian. Besteak beste, Xabier Miguel Ezkerra usurbildarrak parte hartu zuen agerraldi horretan.
Irudia: Usurbileginez.com