CCOO, UGT, LSB, CGT, LKN eta ESK sindikatuek asteazken honetarako, azaroaren 14rako deitu duten greba orokor egunari begira, gutxieneko zerbitzuak finkatu ditu Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak. Garraioetan %30eko gutxieneko zerbitzuak hain zuzen. Euskotrenen kasuan, bai tren eta autobus zerbitzuetan ere, gutxienez hiru langiletik batek lan egin beharko du. Anbulatorioetan jai egunetako ordutegiak eta langile kopurua finkatu dituzte, gutxieneko zerbitzu moduan.
Langabezia eta murrizketen aurka deitu dute etziko greba orokorra. Hiriburuetan ere manifestaldiak deitu dituzte eguerdi eta arratsalde parterako; Donostian, 12:00etarako lehena, Alderdi Ederren. Eta bigarrena, leku berean, baina arratsaldeko 18:30etarako. Ez Hego Euskal Herrian bakarrik, mobilizazioak Europa osora hedatuko dira asteazkenean.