Jendetsuak, Kulturaldiko asteburuko ekitaldiak

Noaua Aldizkaria 2012ko aza. 12a, 00:00

NOAUA!-k antolaturiko Kulturaldiaren baitan, bi hitzordu ospatu dira asteburu honetan: batetik, Ibarrako Alurr dantza taldekoen ikuskizunaz gozatzeko aukera egon zen Oiardo Kiroldegian. Bestetik, atzo, "Gazta zati bat" dokumentala proiektatu zen Sutegiko auditorioan. Aurtengo ekitaldietatik zerbait nabarmentzekotan, herritarren parte hartzea adierazi eta eskertu behar. "Publikoari Gorroto" antzezlanarekin gertatu bezala, "Gazta zati bat" dokumentalaren proiekzioaren ere Sutegi toperaino bete zen. Ehun lagunetik gora gerturatu ziren baita herenegun, Alurr dantza taldekoek eskainitako emanaldi paregabera. Ekitaldi honen zati baten bideoa, Noaua! Telebista atalean duzue ikusgai. 

Atzo itxi genuen bestalde, NOAUA!ren 500 zenbakien eta 16 urteko ibilbidearen errepasoa egiten duen Sutegiko erakusketa. Ekitaldioz gain, Kulturaldia amaitzeko beste ekitaldi bat geratzen zaigu. Azaroaren 30erako antolatua duguna, Sutegin baita, eta Kantu Taldekoekin batera; Jon Sarasuaren "Leterekin Kantu Berbetan" hitzaldi emanaldia. "Emanaldia kantaldiaren eta hitzaldiaren hibrido bat da, kantaldia mintzatua edo hitzaldi kantatua. Xabier Leteren hamar bat kanta kantatuko ditugu, eta horren inguruan artista honi buruzko interpretazio pertsonal bat egin. Emanaldi xumea da, sofistikazio gutxikoa. Bide batez, belaunaldi progresistari buruz, herriaren bilakaerari buruz, espiritualitateari buruz, artistaren jarrera eta askatasunari buruz... hainbat gairi buruzko gogoetak tartekatzen dira, beti ere Xabier Leteren ibilbidearen inguruan. Kantak gitarraz eta pianoz lagunduak datoz, eta bukaera aldera kanta bat entzuleekin batera kantatu ohi dugu". 

Kulturaldiko aurtengo azken hitzordua, azaroaren 30ean.