Aitzaga Elkarteak, Usurbilgo Udalarekin eta Euskal Memoria Fundazioarekin batera, frankismoak Euskal Herrian eta Usurbilen izandako eragina aztertuko duen hitzaldia antolatu dute, asteazken honetarako, azaroaren 14rako. Iluntzeko 19:30etan hasiko da ekitaldia, Sutegiko auditorioan. Iñaki Egaña historialaria arituko da hizlari lanetan.
"Frankismoak Euskal Herrian eragindako errepresio orokorraren argazkia eskaintzea da helburua. Izan ere, oraindik ezezagun ditugu garai ilunhorietan euskal herritarrek jasandakoaren dimentsio osoa, baita ondorioak ere. Oraindik zigorgabetasunaren itzalpean murgilduta dauden jarduera errepresibo horiek guztiak ezagutu eta ezagutaraztea beharrezkoa da justizia, erreparazio eta berriz ez errepikatzeko bermeak lortzeko pausoak ematearren, eta egia ezkutu horren ezagutzari ekarpena egin nahi dio Euskal Memoriak Frankismoari buruzko hitzaldiekin. Hala, fusilatzeak, espetxeratzeak, kontzentrazio-eremuak, lan behartuak, desagertuak, salbuespen egoerak, zentsura eta euskararen kontrako jazarpenak… ezaugarritzen dute garai hau, eta horien guztien dimentsioa erakusteko zertzeladak agertuko ditugu Euskal Herri osoa aintzat hartuta baina begirada bereziki Usurbilen jarrita. Jasota eta bilduta dagoena ezagutarazi bai, baina jasotzeke, itzalpean,dagoena biltzeko bitarteko ere izan nahi du hitzaldiak, Frankismoak eragindako errepresioaren ondorio guztiak biltzea modu kolektiboan soilik egin daitekeen ariketa baita, eta amaitu gabeko ariketa oraindik. Usurbildarren ahots guztiak oraindik jasotzeke daude. Power-point baten bitartez irudiz hornituko ditugu errepresio frankistaren zertzelada horiek guztiak", berri eman dute antolatzaileek.