Ipuin kontaketa saio berri bat antolatu du Usurbilgo Udalak, gaurko. Yolanda Arrieta Sutegi udal liburutegian izango da. 18:00etatik aurrera, bere lan berriena aurkeztuko du, 6 urtetik gorakoentzat. "Maleta batean gordetzen dituen ipuinak eta olerkiak, bereak nahiz beste lagun askorenak, erakutsi eta kontatuko dizkigu, eta oraintxe argitaratu berri duen liburu bat ere aurkeztuko digu: Ai, ai, ai!".
Beste bi saio, azaroa amaitu baino lehen
Harrera ezin hobea izan ohi duten ipuin kontaketa saioek jarraipena izango dute azaroan zehar. Yolanda Arrietaren aste honetako bisitaren ostean, Pello Añorga bueltatuko da Sutegi udal liburutegira, hilaren 20an. HH5ekoentzako saioa eskainiko du. Hilaren 28an, Ixabel Agirresaroberen txanda izango da, eta ekitaldia, HH4koei zuzendua egongo da. Udalak antolaturiko bi saio hauek, 18:00etan hasiko dira Sutegi udal liburutegian.