Domina gehiagoren jabe egin da, Usurbil Judo Kluba

Noaua Aldizkaria 2012ko aza. 15a, 00:00

Azken asteotan parte hartu duten txapelketa desberdinetan, ohi bezala, domina gehiago eskuratu dituzte Usurbil Judo Klubeko kideek. Euren web orriak jaso duenez, aurreko asteburuan Malagako European Cup Senior txapelketan, brontzezko domina irabazi zuen Aiora Arrillagak, 48 kiloz azpikoen mailan. Nerea Arrutik, zazpigarren postua 70 kiloz azpikoen mailan. 

Aurretik, azaroko lehen asteburuan, Hondarribiako 17 urtez beherakoen Espainia mailako txapelketan izan ziren. Estatuko kadete mailako 360 judoka lehiatu ziren. Bertan, Naroa Sanchezek eta Joxe Arruebarrenak brontzezko domina bana irabazi zuten, -48 kiloz azpikoen eta 90 kilotik gorako mailetan hurrenez hurren. Xabier Cazorlak (-73kg) urrezkoa eskuratu zuen.

Urriaren 27 eta 28ko asteburuan, Avilesen ere ez ziren esku hutsik geratu. Nesketan, Paula Vicentek (-44 kg) zilarrezko domina irabazi zuen, Naroa Sanchezek (-48 kg) brontzezkoa, eta Itsasne Arruabarrenak (-52 kg) bosgarren postua. Mutiletan, Xabier Cazorlak zilarrezkoa (-73 kg) eta Iker Nikolasek (-73 kg) bosgarren postua. Asteburu berean baina Tarbesen (Frantzia): Aiora Arrillagak eta Nerea Arrutik urrezko domina bana, Egoitz Morak brontzezkoa eta Andoni Aizpuruak bosgarren postua.