Urte amaierara heldu gara, eguberriak ate joka ditugu, euskarazko produktuak oparitzeko aitzakia ezinhobea. Baina zer oparitu? Hor dago gakoa. Erabakitzen laguntzeko, urtero moduan, jada hamabosgarren ediziora heldu den Euskarazko Produktuen Katalogo berria aurkeztu dute gaur goizean, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Nafarroako udal batzuen iniziatibaz 1998an abiaturiko egitasmo honekin bat egiten joan dira erakunde desberdinak. Egun, udal, Mankomunitate, Foru Aldundi edota Jaurlaritzaren artean, guztira 135 entitatek parte hartzen dute. Horien artean, Buruntzaldeko Udalek eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA). Bi bilguneotako kide da Usurbilgo Udala.
"Euskaraz bizi nahi dugu euskara"
Katalogo honen kaleratzeak behar bati erantzuten dio. "Erdarazko eta euskarazko produktuen eskaintzan gertatzen den lehia desorekatu horri aurre egiteko, eta euskarazkoen kontsumoa eta erabilera indartzeko, euskarazko produktuen kontsumoak sustapena eta bultzada behar du, herritarrak informatu eta euskarazkoen aldeko urratsa egitera animatuko dituen ekimenak behar dira", diote egitasmo honen eragileek.
Azken finean, euskararen erabilera indartzea du helburu katalogo honek. Gaur goizean Koldo Mitxelenako aurkezpen ekitaldian, Foru Aldundiko ordezkari Zigor Etxeburuak adierazten zuenez, "euskaraz bizi nahi dugu euskara. Euskaraz bizitzeko nahitaezkoa dugu euskara. Euskaraz bizitzeak, euskarazko produktuak kontsumitzea esan nahi du". Euskarazko produktuak kontsumitu ahal izateko, beharrezko diren euskal sortzaileak ere gogoan izan ditu, eta katalogoak zer lortzen duen ere adierazi du, "euskal produktuei ikusgarritasuna ematen die".
Paperean, nahiz sarean
Berarekin batera, katalogoaren ezaugarriak aurkezten izan dira, Igantziko alkate Lurdes Ibarluze eta Ibon Uribe Galdakaoko alkatea. Nazio mailako aurkezpen ekitaldia baitzen gaurkoa. Aurreko edizioen ildotik, katalogo berri hau ere, 0-16 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzenduriko produktuez osatu da. Produktu bakoitzaren ondoan, irudi baten laguntzaz, ezaugarriak edota gutxi gorabeherako prezioak ageri dira. Produktu guztiak zortzi ataletan sailkatu dituzte: musika, filmak, informatika, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako materiala. Guztira, 140.000 ale banatuko dira. Hortik, sorta bat Usurbilen noski. Papereko bertsioarekin batera, noiz nahi euskarazko produktuen eskaintza eguneratzen duen web orrialdea ere hor dago: www.katalogoa.org. Bertatik ere, katalogoaren paperezko bertsioa eskuratu liteke.