Mintzalagun ekimenean parte hartzeko aukera

Noaua Aldizkaria 2012ko aza. 15a, 00:00

Hirugarren ikasturtea abian du Mintzalagun ekimenak. Usurbilen sustraitzen ari den euskararen mintza praktikarako egitasmoan izen emateko epea irekia dago. Apuntatzeko, Etumeta AEK euskaltegira jo besterik ez dago, edo bertara deitu, 607 609 379 telefono zenbakira. Edo idatzi, usurbil@aek.org helbidera. Informazio gehiago, www.muntteri.blogspot.com.es blogean. Izen ematea, NOAUA!ko egoitzan edota Usurbilgo Udaleko Euskara Zerbitzuan, Potxoenean ere egin daiteke. 

Euskaltegitik berri eman dutenez, bostetik gora dira Usurbilen, biltzen diren taldeak. Guztira, hogeitik gora mintzalagun, gainerako herritarrak ekimen honekin bat egitera deitzen dituztenak. "Praktikatu gurekin! lemapean, beraiekin batera euskaraz gozatzeko gonbitea egiten digute", berri eman du euskaltegiak, prentsa ohar bidez. Abantailarik ere badu Mintzalagunen parte hartzeak. "Partaideek EHUko kredituak eskuratu ahalko dituzte, bidaia eta egonaldietarako deskontuak, AIZU! eta Argia aldizkariak eta Berria egunkaria merkeago, eta beste hainbat abantaila", gaineratu dute.

Euskaraz bizitzeko aukera
Gehiagorako ere ematen du noski, Mintzalagunek. "Ez da gauza berria hizkuntzaren ikaskuntzan, ikasitakoa praktikan jartzea ezinbesteko kontua dela; euskara praktikatzeaz gain, jende berria ezagutu, euskararen munduan murgildu eta, finean, euskaraz bizitzeko aukera izango du izena ematen duenak. Mintzapraktika programa euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutenekin elkartzean datza. Bertan, edozeinek har dezake parte, euskaldun zaharra, euskaltegiko ikasle ohia edo euskaltegiko ikaslea izan...", adierazi dute.