Hasteko, Auzokonpostarien Batzarra eta erakusketa irekiera

Noaua Aldizkaria 2012ko aza. 16a, 00:00

Hondakinen Prebentzio Asteari ekiteko bi hitzordu antolatu dituzte asteburu honetarako. Lehena, bihar goizerako; auzokonpostarien I. Batzarra ospatuko da, goizeko 10:00etan hasita Potxoenean. Bertan, egitasmo honetan parte hartzen ari direnek, edota gai honekiko interesa dutenek, euren kezka eta proposamenak planteatzeko aukera izango dute. Hondakin organikoarekin konposta nola lortzen den ikusi ahal izango da, eta auzokonpostari loturiko esperientziak martxan jarri zirenetik gaur arte eskuratu diren emaitzen berri emango dute.

Datorren asteburuan beteko da hain zuzen, Errekatxiki kalean auzokonpostarako lehen gunea inauguratu zutenetik. Ordutik, halako beste sei gune ireki dira herrian. Egun beraz, zazpi dira guztira. 101 familia ari dira auzokonpostatzen, Usurbilgo Udaleko Ingurumen Sailak berri eman duenez. Beste 69 itxarote zerrendan dira. Hona hemen datu nagusiak: 

Auzokonpostatze guneak: 7.
Parte hartzaileak: 101 familia (beste 69, itxarote zerrendan).
Konpostaturiko kopurua guztira: 134,6 tona. Horietatik:
%83 etxeko autokonpostagailuetan: 498 familiek 111,9 tona organiko konpostatzen dituzte.
%17 auzokonpostaren bidez.

Laster, gune berria anbulatorio inguruan
Horiek Usurbilen konpostatzen denari loturiko zenbakiak dira. Kalitateari dagokionez, Usurbilgo Udaleko Ingurumen Sailetik berri eman dutenez, "lortu den konpostaren maila oso ona izaten ari da, eta ia kasu gehienetan goreneko A mailakoa  da. Lortutako konposta  parte hartzaileek beraiek hartu izan dute edo bestela Atalluko garbigune berrian eskuragarri dago nahi duenarentzat eta dohainik".

Orain arte, auzokonpostarako zazpi gune ireki dituzte. Laster ordea, zortzigarrena ere martxan izango da. "Epe laburrean anbulategi inguruan zabalduko da beste gune bat eta modu honetan beste 21 familia hasiko dira auzokonpostatzen. Horretaz gain, Agerreazpiko udal baratzetan ere autokonpostatu ahal izango da, eta herriko konposta bahetu eta xehetzeko azpiegiturak jarriko dira", adierazi dute udal Ingurumen Sailetik. 

Auzokonpostatze egitasmoan parte hartzeko interesa duenak, izen emateko aukera dute. "Talde berriak osatzeko familia eta leku aproposak topatzen diren heinean, ekimena zabalduz joango da", ohartarazi dute Usurbilgo Udaletik.

"Hondakin-Ongizate+"
Aipatu moduan, bihar hasiko da Hondakinen Prebentzio Astea, auzokonpostarien lehen batzarrarekin. Iganderako deitu dute ordea, bigarren ekitaldia. "Hondakin-Ongizate+" izeneko erakusketa inauguratuko dute, goizeko 10:00etan Sutegiko aretoan. Eguerdiko 12:00ak arte zabalik egongo da. Eta gero, astean zehar, arratsaldez bisitatu ahal izango da, 18:00-20:00 artean.