Iñaki Muruak irabazi du Udarregi Sariketa, Iban Urdangarinek entzuleen saria

Noaua Aldizkaria 2012ko aza. 19a, 00:00

Udarregi Sariketaren bigarren edizioak badu irabazlerik; Iñaki Muruak jantzi zuen garailearen txapela, larunbat gauean Agerialden ospatu zen finalean. Hunkituta eta pozik, bertaratutakoen txalo artean jaso zuen saria. Hori epaimahaiak erabaki zuena. Finalaurrekoetan bezala, final handian ere, entzuleek bazuten zeresanik; euren txapelduna erabakitzeko aukera izan zuten. Muruarekin batera, gustukoena hautatzeko beste bost hautagai zituzten; beteranoetan, Millan Telleria eta Xabier Zeberio. Gazteetan, Iban Urdangarin, Ander Lizarralde eta Unai Gaztelumendi. Azkenean, Urdangarin saritu zuten. 

Txapeldunez gain, aipatzekoa, finalistek eginiko lana, umore puntu nabarmena jarri zuten Zeberioren bertsoak tartean. Eta sariketan parte hartu duten bertsolarien maila eta lagun arteko jarrera ezin hobea. Artzabalen eta Aginagako San Praixkuetan ospatu ziren finalaurrekotako zenbait bertsolari ere larunbateko finalean ziren. Eta haiekin, bertso afarian bildutako jendetza, 80 lagun inguru. Sarrerak ere agortu ziren. Azaroaren 17ko saioarekin, amaitu da Bota Punttubak antolatu duen sariketa.