Usurbildarrek eginiko konposta opari, egunotan

Noaua Aldizkaria 2012ko aza. 20a, 00:00

Ongarri bezala balia daitekeen konposta nahi duenak, eskuragarri du doan egunotan. Usurbilen, usurbildarrek eginikoa gainera, duela urtebetetik hona udalerriko txoko desberdinetan martxan dauden auzokonpostatze guneetan. Usurbilgo Udaleko ingurumen sailetik berri eman dutenez, A kalitatekoa da aipatu konposta, kalitate gorenekoa. Aipatu moduan, auzokonposta hau egunotan oparitzen ari dira Sutegiko aretoan zabaldu duten "Hondakin-ongizate+" erakusketan. Arratsaldez, 18:00-20:00 artean dago irekita, aipatu erakusketa. Esan bezala, nahi duenarentzat bertan oparitzen ari dira usurbildarrek egindako auzokonposta.

Gauza bera egingo dute, larunbat goizean, azaroaren 24an ere plazan jarriko duten gunean. Auzokonposta oparitzen arituko dira, eta bide batez, interesa duenak, auzokonpostatze egitasmoan parte hartzeko informazioa jaso ahalko du. 

101 sendi, organikoa auzokonpostatzen
Errekatxiki kalean auzokonpostarako lehen gunea inauguratu zutenetik urtea beteko da asteburuan. Ordutik, halako beste sei gune ireki dira herrian. Egun beraz, zazpi dira guztira. 101 familia ari dira auzokonpostatzen, Usurbilgo Udaleko Ingurumen Sailak berri eman duenez. Beste 69 itxarote zerrendan dira. Hona hemen datu nagusiak: 

Auzokonpostatze guneak: 7.
Parte hartzaileak: 101 familia (beste 69, itxarote zerrendan).
Konpostaturiko kopurua guztira: 134,6 tona. Horietatik:
%83 etxeko autokonpostagailuetan: 498 familiek 111,9 tona organiko konpostatzen dituzte.
%17 auzokonpostaren bidez.

Laster, gune berria anbulatorio inguruan
Horiek Usurbilen konpostatzen denari loturiko zenbakiak dira. Kalitateari dagokionez, Usurbilgo Udaleko Ingurumen Sailetik berri eman dutenez, "lortu den konpostaren maila oso ona izaten ari da, eta ia kasu gehienetan goreneko A mailakoa  da. Lortutako konposta  parte hartzaileek beraiek hartu izan dute edo bestela Atalluko garbigune berrian eskuragarri dago nahi duenarentzat eta dohainik".

Orain arte, auzokonpostarako zazpi gune ireki dituzte. Laster ordea, zortzigarrena ere martxan izango da. "Epe laburrean anbulategi inguruan zabalduko da beste gune bat eta modu honetan beste 21 familia hasiko dira auzokonpostatzen. Horretaz gain, Agerreazpiko udal baratzetan ere autokonpostatu ahal izango da, eta herriko konposta bahetu eta xehetzeko azpiegiturak jarriko dira", adierazi dute udal Ingurumen Sailetik. 

Auzokonpostatze egitasmoan parte hartzeko interesa duenak, izen emateko aukera dute. "Talde berriak osatzeko familia eta leku aproposak topatzen diren heinean, ekimena zabalduz joango da", ohartarazi dute Usurbilgo Udaletik.