"Gure kaleak garbiago nahi ditugu!", Udarregiko ikasleen ekimena gaur

Noaua Aldizkaria 2012ko aza. 21a, 00:00

Hondakinen Prebentzio Astearen baitan, gaur Udarregi Ikastolako ikasleek ekimen berezi batean parte hartuko dute. "Gure kaleak garbiago nahi ditugu!" aldarria izango duen hitzorduan. Hauxe, asteazken honetarako programatua dagoen ekintza.

Argi dago eta, kaleak garbiago mantendu daitezke, lurrera hondakin gutxiago botata. Gerturatu bestela asteazken honetan, Mikel Laboa plazara, ezohiko itxura du gaur. Ur botila, plastikoak eta hondakin mordoa pilatuta dago, guztia kaiola itxurako baten barruan. Eta kaxa haundi honetan zintzilik, zenbait datu adierazgarri jasotzen dituzten oharrak jarri dituzte.

Zenbait daturen berri ematen da bertan, adi. 18 egunetan bakarrik, Kaxkoan lurretik 45 kilo ontzi arin bildu dituzte. Guztira, 126 kilo hondakin bildu dituzte Kaxkoan, 18 egunetan. Hondakin guztion ia %100a birziklagarria dela gogorarazten dute. Herriko hiru tabernetan, hilabete eta erdian jaso dituzten plastikozko botilak ere Mikel Laboa plazan ikusgai daude. Denera, 732 litro ur kontsumitu dira botila hauetan. Eta zer pentsatua ematen duen beste datu bat; Mikel Laboa plazan gaur kokatu duten gunean gogorarazten dutenez, herriko kaleko ontzietan, gaikako bilketa %43koa da soilik. Etxe atarietan, atez atekoarekin gaika biltzen dena, horren bikoitza da.

Prebentzio bideoak ikusgai
Gogoan izan baita, Sutegiko erakusketak irekita jarraitzen duela arratsaldez. Bestalde, hondakinen prebentzioari loturiko hainbat bideo ikusteko aukera eskaintzen ari da Usurbilgo Udalaren web orrialdea, usurbil.net. Egunero bideo bat zintzilikatzen ari dira; astelehenean, etxetresna eta gailuen erabilpen arduratsuari buruzko "Comprar, tirar, comprar ("Erosi, bota, erosi") izenekoa igo zuten. Atzo, "Océanos de plástico", plastikoak ingurumen eta osasunean eragin duen kaltearen ingurukoa. Egunotan, beste bideo hauek ere ikusgai izango dira: 
-"Historia de las cosas".
-"Historia del agua embotellada".
-"Auzokonposta Gipuzkoan".
-"Hondakinak eta natura".
-"Second hand".

Honekin batera, ekitaldi gehiago antolatu dira datozen egunotarako:

Azaroak 22, osteguna
18:00 Hitzaldia Sutegin: Sortzez besteko ordainketa Usurbilen. Hizlariak:

-Joan Pujol Argentonako Udaleko ingurumen teknikaria. Sortzez besteko ordainketaren Argentonako eredua. (gaztelaniaz)

-Ignasi Puig. ENT Environment and Management taldekoa. Usurbilen hondakinen sortzez besteko ordainketa abiarazteko bideragarritasun lanaren egilea. (gaztelaniaz)

Azaroak 23, ostirala
18:00-20:00 Etxetresna elektrikoen konponketa tailerra Potxoenean.

Azaroak 24, larunbata
10:00-12:00 Jostungintza tailerra Potxoenean. 
10:00-12:00 Bitxigintza tailerra Potxoenean.