Odolaren Mintzoa, "Banden Lehia 2012" txapelketako finalean

Noaua Aldizkaria 2012ko aza. 21a, 00:00

Santa Zezili, Musikarien Eguna ospatzen da gaur. Azaroaren 21 honetan jakin dugu hain zuzen, Odolaren Mintzoa herriko taldea, "Banden Lehia 2012" txapelketako finalera heldu dela, beste hiru talderekin batera. Hauetatik bi, sarean jasotako bozka kopuruarekin hautatuak izan dira, eta beste biak, Odolaren Mintzoa tartean, epaimahaiak aukeratuta. Taldeak berak, NOAUA!ra bidali duen oharrean adierazi duenez, "ez genuen inondik ere finalera iristea espero eta oso pozik gaude, gainera, epaimahaiak aukeratu gaituelako". 

Banden Lehiako finala, azaroaren 30ean ospatuko da, Bilborock aretoan, iluntzeko 20:00etatik aurrera. Doako ekitaldia izango da. Bertan, finalistek, zuzeneko emanaldia eskainiko dute, eta haiekin, The Uski´s taldeak ere joko du. "Zuzeneko kontzertuan bai lagunak eta bai epaimahaiko kideak egongo dira eta botoak esleitutako telefono zenbaki batera dei galduak eginez lortu beharko ditugu. Epaimahaikideek ere bozkatu egingo dute. Egunean bertan (azaroaren 30ean) eta lehiaketa hasi baino ordubete lehenago jakingo dugu zein den esleitzen zaigun telefono zenbakia. Beraz, lagunak eta ingurukoak ea animatzen diren egun horretan Bilborock aretotik bertatik ez bada ere, telefonoz dei galduak egitera. Aurretiaz, denei eskerrik asko", adierazi dute taldetik.

Azkue Fundazioak, euskal musika talde amateurrik onena saritzen duen txapelketaren laugarren edizio honi buruzko informazio gehiago, helbideotan:

http://www.azkuefundazioarenegunkaria.org/banden-lehia-2012ko-finalerako-sailkatu-diren-taldeak/