Larunbaterako Itaya Gazte Asanbladak antolatu duen Errausketaren Aurkako II. Egunaren baitan ospatuko da azaroko kantu-jira saioa. Usurbilgo Kantu Taldeak bat egin du ekimen honekin, eta ondorioz, kantu saioa hasteko hitzordua aldatu dute. Aurrekoetan, 19:00etan Mikel Laboa plazatik abiatu izan dira. Oraingoan ordea, ordubete lehenago, 18:00etan hasiko da ekitaldia, Usurbilgo Gaztetxetik. "Zu ere gonbidatuta zaude. Abestea plazer bat da. Animatu zaitez!", luzatu dute gonbita Kantu Taldetik. Astearte arratsaldero, Udarregi Ikastolan burutzen duten entsegu saioa duzue ondoko irudian.
"Xabier Leterekin kantu berbetan"
Bestalde, NOAUA! Kultur Elkartearekin batera, azaroaren 30erako beste ekitaldi bat ere antolatu du Kantu Taldeak. "Xabier Leterekin kantu berbetan" izeneko hitzaldi kantaldia, Jon Sarasuarekin. "Xabier Leterekin kantu-bertso-olerkien ibilbideari errepaso sentikor eta erakargarri bat egiten erdiz-erdi asmatzen du Jon Sarasuak, Leteri buruzko pentsamolde pertsonal bat garatuz. Xabier Lete nor zen gogoratu nahi dugun adinekoontzat eta ezagutu ez zuten gazteago eta gaztetxo direnentzat aukera ederra benetan. Sarrera doan da", berri eman dute Kantu Taldetik.
Irudia: Kantu Taldea.