Hondakinen sortzez besteko ordainketa, hitzaldi bidez aurkeztuko da gaur

Noaua Aldizkaria 2012ko aza. 22a, 00:00

Usurbilgo Udalak eta Usurbil Zero Zabor taldeak antolatu duten Hondakinen Prebentzio Astearen baitan, hitzaldi bat antolatu dute gaurko; hondakinen sortzez besteko ordainketaren inguruan. Hau da, norberak sorturiko hondakin kopuruaren arabera ordaintzeko zenbait lekutan martxan den sistema aurkeztuko dute ostegun arratsalde honetan, 18:00etatik aurrera Sutegiko auditorioan.

Bi adituk parte hartuko dute ekitaldian. Batetik, Ignasi Puig ENT "Environment and Management" taldeko kideak. Berak gainera, sistema hau Usurbilen jartzeko bideragarritasun lana egin du, eta eginiko lanketaren berri emango du gaur, Sutegin. Bestetik, Joan Pujol Argentonako (Herrialde Katalanak) Udaleko ingurumen teknikariak ere parte hartuko du hitzaldian. Hondakinen sortzez besteko ordainketa martxan dute Argentonan. Bertako eredua azalduko du Pujolek, Sutegiko auditorioan. 

Erakusketa irekita eta ikus-entzunezkoak sarean
Sutegitik irten gabe, "Hondakin-ongizate+" izeneko erakusketak zabalik jarraitzen du egunotan. Arratsaldez bisita daiteke, 18:00-20:00 artean. Prebentzioa hizpide erakusketa honetan, baita usurbil.net web orrialdean ikusgai dauden bideoetan ere. Astelehenaz geroztik, hondakinen prebentzioari buruzko ikus-entzuneko lan desberdinak zintzilikatzen ari dira. Azkena, atzo jarri zuten ikusgai; "La historia de las cosas ("Gauzen historia")". Aurretik, "Océanos de plástico (Plastikozko ozeanoak)" eta "Comprar, tirar, comprar (Erosi, bota, erosi)" bideoak zintzilikatu zituzten. Baina ez dira azkenak izango. Egunotan, ikusgai izango dira baita:
-"Historia del agua embotellada".
-"Auzokonposta Gipuzkoan".
-"Hondakinak eta natura".
-"Second hand".


Hondakinen Prebentzio Asteari larunbatean emango zaio amaiera. Ordura arte, oraindik burutzeke gelditzen dira hainbat hitzordu:

Azaroak 23, ostirala
18:00-20:00 Etxetresna elektrikoen konponketa tailerra Potxoenean.

Azaroak 24, larunbata
10:00-12:00 Jostungintza tailerra Potxoenean. 
10:00-12:00 Bitxigintza tailerra Potxoenean.
Goizean zehar, Usurbilen egin den auzokonposta opari eta egitasmo honetan parte hartzeko informazio gunea plazan.