Usurbilgo PSE-EE-k adinekoentzako egoitza eraikitzea beharrezkotzat jotzen du, eta egitasmo honi ahal bezain laster heltzeko eskatuko dio gobernu taldeari. NOAUA!ra helarazi duten prentsa oharrak jasotzen duenez, Udalak Foru Aldundiarekin eraikuntza hau planifikatzeko akordioa adostea galdegingo du. Aipatu eskaera jasotzen duen mozioa erregistratu dute udaletxean gaur goizean, datorren asteartean, azaroaren 27an burutuko den osoko ohiko bilkuran aztertua izan dadin.
Gipuzkoako Foru Aldundiak egitasmo hau geldiarazi izana kezkagarria iruditzen zaio sozialisten bozeramaile Ricardo Crespori, PSE-EEkoen esanetan, Aldundiak saihestu ezin duen "behar argi eta ebidente" bat dagoenean eta Gipuzkoako biztanleria, "Europako zaharrenetariko bat denean". Usurbilen eraiki asmo dena bakarrik ez, Irun eta Elgoibarko adinekoen egoitzak ere kolokan daudela gogorarazten dute. "Ez dago inongo asmorik egoitzarik eraikitzeko", adierazi du Usurbilgo PSE-EEk. Gaineratu duenez, Aldundia alor honetara bideratzekoa zen aurtengo aurrekontua ez du egitasmo hauetan inbertitu. PSE-EEk zehaztu duenez, 100.000 euro guztira. Gizarte politikarako foru diputatu Ander Rodriguezek Gizarte politiketarako batzordean ere aurrerapausorik ez dutela eman esan zuela, diote sozialistek. Aldundiaren jarrera salatu du PSE-EEk, prentsa ohar honen bidez.