Aginagako Eliza Zaharra, auzolanean eraberritzeko deia

Noaua Aldizkaria 2012ko aza. 22a, 00:00

San Praixku jaien lekuko ezaguna, beste zenbait ekimen antolatzeko gunea ere izan den Eliza Zaharra berritzeko asmotan dira aginagarrak. Eraberritzea auzolanean gauzatu nahi dute eta parte hartzeko gonbita luzatua diete herritarrei, Bidean Agiñarron Herri Elkarte berriak NOAUA!ra igorri duen oharrean iragartzen duenez. Deialdiak harrera ezin hobea izan du jada. "Ekimen hau aurrera eramateko asmoa zabaldu denean, herritar askok erakutsi dute bertan lan egiteko asmoa, tartean Felix Aranguren (Hiruarkaitz eraikuntzak) eta Jose Mari eta Unai Larburu (Larburu Garraioak) eta noski herriko gazteek", zehaztu dute. 

Auzolana ordea, beharrezko segurtasun neurri guztiak hartuta burutu asmo dute. Horregatik, Eliza Zaharra eraberritzen lagundu nahi duten guztientzat, ikastaro bat antolatu dute abenduaren 2rako, 16:00etan Aginagako ludotekan. "Ezinbestekoa da ikastaro hau egitea gero eraberritze lanetan parte hartzeko, beraz, animatu zaitezte herri lanera!", luzatu dute gonbita Bidean bilgunetik. Hiru orduko ikastaroa Ziurlan enpresak eskainiko du, eta horrekin batera, segurtasun txosten bat ere prestatuko du. Honez gain, "Felix Arangurenek herritarren laguntzaz muntatuko dituen aldamioak egiaztatu, lan hauetan erabiliko diren material eta erreminta elektrikoen zerrenda aztertu eta lanean ari garenean lan baldintzak egiaztatuko dira". 

Azken urteotako eskaera
Berritze lan hauekin, Eliza Zaharra erabilera anitzeko gunean bihurtu nahi dute. "Urtean zehar festez gain, beste hainbat motatako erabilerak emanez, hala nola, hitzaldiak, tailerrak, erakustaldiak, bilerak egiteko tokia, kontzertuak, bertso afariak...", iragarri dute. 

Abiatzear diren eraberritze lan hauek, Aginagako gazteek azken urteotan egindako eskaerari erantzuna emango diote. "Azken urte honetan ere Bilduri eskaera pasa zioten gazteek eta teilatuan konponketatxoak egiten hasi dira. Bidean taldeak hau ikusita, gazteekin batera Agiñako Eliza Zarraren eraberritze lanak egin nahi ditu auzo lanean. Pairatzen ari garen krisi egoera dela eta, Usurbilgo Udalak ezin izan baitio eliza berritzeko eskaerari aurre egin", adierazi dute Bidean elkartetik. Interesgarritzat jotzen dute, "denon ondarea denon artean konpontzea eta mantentzea". 

Egitasmo honetan lagundu dutenei eskerrak helarazi nahi dizkiete Bidean elkartekoek: "Eskerrak eman nahi genizkieke Usurbilgo Udalari Ziurlan enpresaren zerbitzuak ordaintzeagatik eta herrilanean erabiliko diren material eta erremintak jartzeagatik. Baita ere, Hiruarkaitz eraikuntzari aldamioak doan uzteagatik eta Larburu Garraioaki garabia uzteagatik".