2014rako indarrean egon liteke Usurbilen, hondakinen sortzez besteko ordainketa sistema

Noaua Aldizkaria 2012ko aza. 23a, 00:00

Oraindik nolabait esateko, diagnosi fasean dago, egitasmoaren bideragarritasuna aztertzen dabiltza, baina dena aurreikusi bezala badoa, 2014an Usurbilen indarrean egon liteke hondakinen sortzez besteko ordainketa sistema berria. Hala gertatzen bada, Euskal Herrian halakorik aplikagarri egiten duen lehen udalerrian bihurtuko gara. Sistema berri hau, erabiltzaile bakoitzak sortzen duen hondakin kopuruaren eta hondakinen kudeaketa zerbitzuagatik egiten duen erabileraren arabera ordaintzean oinarritzen da. Hau da, zenbat eta hondakin gehiago sortu, orduan eta gehiago ordaindu behar. Euskal Herrian oraindik kontu berria izan arren, mundu mailako 10.000 udalerrietan baino gehiagotan indarrean dute sistema hau; Italian (ondoko argazkiak erakusten duen moduan), Belgikan, Suitzan, Alemanian, baina baita AEB-tan ere. Hemendik gertuen, horietatik lau esperientzia abian dituzte 2009az geroztik, Herrialde Katalanetan.

Gai hau sakonago ezagutzeko aukera izan zen atzo, Usurbilgo Udalak eta Usurbil Zero Zabor taldeak antolatu duten Hondakinen Prebentzio Astearen baitan, Sutegin burutu zen hitzaldian. Bi adituk parte hartu zuten ekitaldian. Batetik, ordainketa sistema hau jada aplikatzen duten Herrialde Katalanetako Argentona udalerriko udal ingurumen teknikari Joan Pujolek eta “Environment and Management” (ENT) taldeko kide Ignasi Puigek. Puigek berak, hondakinen sortzez besteko ordainketa sistema Usurbilen martxan jartzeko bideragarritasun lana egiten dabil. Atzo, lan honen lehenengo datuak aurkeztu zituen Sutegin. Otsailerako amaitua izatea aurreikusten du.

Eredua erabakitzeke
Beste ezer baino lehen, gogorarazi beharra dago, hondakinen sortzez besteko ordainketa sistema aplikatzen dela jada Usurbilgo komertzioetako hondakinen bilketan. Orain, aipatu sistema udalerriko etxeetan indarrean jartzea bideragarri ote den edo ez aztertzen dabiltza. Atzo Puigek berri ematen zuenez, sortzez besteko ordainketa abiatzeko faktore bat baino gehiago alde ditu Usurbilek. Besteak beste: lau hondakin zati atez ate biltzea, herritarren %90ak atez ateko bilketan parte hartzea, sistema honen emaitzak onak izatea, aipatu moduan sortzez besteko ordainketa komertzioetan jada indarrean egotea, larrialdi guneen funtzionamendu ona, kaleko zabor ontziak gaikako bilketa egiteko egokituak izatea, eta Garbigune bat edukitzea.

Baina garrantzitsuena, sistema hau zer modutan gauzatuko litzatekeen erabakitzeke dago. Puigek aipatzen zuenez, hasteko, ze hondakin zatirekin aplikatu sortzez besteko ordainketa sistema, hori erabaki behar da; erreusarekin bakarrik, ontzi arinekin baita... Bestalde, hondakinen sortzez besteko ordainketa sistemaren eredua ere aukeratu beharko litzateke; poltsekin, ontziekin,... nola gauzatu. Eta hondakinen tasa ere nola aplikatu pentsatu beharra dago. Tasa bitan zatituko litzateke; hondakinen tasa berriak, zati finko bat izango luke (zati hau ere, irizpide batzuen arabera modu desberdin batean aplikatu beharko litzatekeen erabakitzeko asmoa dago) eta zati aldagarri bat. Eta azkenik, ordainketa sistema hau, noiz jarri indarrean, hori ere erabakitzeke dago. Aipatu moduan ordea, Puigek data bat proposatu zuen: 2014ko urte hasiera hain zuzen, egitasmo honek aurrera egin eta dena aurreikusi bezala badoa. 

Argentonan, poltsekin
Orain arte adierazitakoa adibide batekin laburbiltzeko, Herrialde Katalanetan, zehazkiago esateko Argentonan martxan duten hondakinen sortzez besteko ordainketa ereduaren ezaugarriak azaldu zituen, bertako udaleko ingurumen teknikari Joan Pujolek. 

Hondakinak atez ateko biltzen dituen 12.000 biztanleko udalerri honetan, bitan zatitua dute, hondakinak sortzeagatik herritarrek ordaindu behar duten tasa. Tasa honek zati finko eta zati aldakor bana du. Zati finkoagatik herritar guztien diru kopuru bera ordaindu behar dute. Zati aldakorrerako ordea, poltsen eredua baliatzen dute bertan. Hau da, herritarrek erreusa eta ontzi arinen zatia etxe atarira ateratzeko, Udalak banatzen dituen poltsak eskuratu behar dituzte. Zenbat eta poltsa gehiago eskatu, orduan eta gehiago ordaindu behar dute. 

Pujolek berak, sistemaren aldeko apustua egin zuen Sutegin. “Atez ateko bilketa martxan jarri ostean, eman beharreko hurrengo urrats natural” gisa definitu zuen ordainketa sistema hau aplikatzearena. Herrialde Katalanetan lau udalerrik indarrean dute tarifa hau. Bere esanetan ordea, eta bertan ehun udalerri baino gehiagotan hondakinak atez ate biltzen dituztela jakinik, sistema hau hedatuko dela aurreikusten du.