Korrikak laguntzaileak behar ditu

Noaua Aldizkaria 2012ko aza. 26a, 00:00

Martxoaren 14tik 24ra ospatuko da Korrika 18. Andoainen hasi eta Baionan amaituko da. Oraingoan, "Eman euskara elkarri" lemapean, euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren ikasle guztiak omendu nahi dituzte, "bere ahaleginarekin euskaraz bizi ahal izatea ahalbidetzen, eta beraz, elkarbizitzarako aukerak sortzen ari direlako". 

Duela bi aste aurkeztu zuten, Korrika 18. Joan den ostiralean berriz, "Korrika laguntzaile" kanpaina. "Korrika bera aurrera eramateko ezinbestekoa da Korrika laguntzaileek osatzen duten sostengu sarea", adierazi zuten antolatzaileek, Iruñeko Iruñezar euskaltegian burutu zuten ekitaldian. 

Laguntzarako deia egin zuten. "Korrikak laguntzaileak behar ditu. Tamaina honetako kanpaina batek, herriaren eta herritar bakoitzaren laguntza ekonomikoa behar du aurrera egiteko. AEKn eta Korrikan bi urterik behin eskatzen dugun esfortzu ekonomikoa ez dela makala hainbat herritarrentzat eta, horretxegatik, saiatu izan gara beti laguntza hori nola edo hala “bueltatzen”. Horregatik ematen diegu laguntzaile egiten diren guztiei Korrika laguntzaile pin-a eta Euskal Herriko 300 komertzio baino gehiagotan beherapenak ahalbidetzen dituen txartela. Gure esker ona adierazteko modu xume bat baino ez da. Baina bene-benetan garrantzitsua zera da: bi urterik behin, 12 euroren truke, (50 zentimo hilean) KORRIKA LAGUNTZAILEA izatea", adierazi dute.

Korrika Laguntzaile kanpainari buruzko informazio gehiago, korrika.org atarian. 108 falta dira, Korrika 18 hasteko.

"Euskaraz bizi nahi dugu", manifestazioa larunbatean
“Euskaraz bizi nahi dugu” aldarripean, manifestazioa deitu dute Gipuzkoako hiriburuan, abenduko lehen egunerako. Larunbat arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Donostiako Anoeta futbol zelai paretik. Mobilizazioarekin bat egin nahi dutenek, atxikimendua adieraz dezakete, eta bide batez informazio gehiago jaso, euskarazbizinahidut.org helbidean. Web orri honetan duzue, atari horretarako lotura.