Usurbil ez da salbuespena, hemen ere emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeke dago

Noaua Aldizkaria 2012ko aza. 26a, 00:00

Atzo zen azaroaren 25a, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna. Sutegin hain zuzen,  "En el tiempo de las mariposas" filma eskaintzekoak ziren, Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak antolatuta. Egun hau izendatu izanaren jatorria kontatzen du filmak, Errepublika Dominikarrean Trujillo diktadoreak Mirabal ahizpak, ekintzaile politikoak, erail zituenekoa. 

Emakumeen erailketek hain zuzen, ez dute etenik oraindik. Euskal Herrian aurten, bost emakume erahil dituzte. Fisikoki edo psikologikoki zaurituak askoz gehiago dira, eta are gehiago oraindik, ezagutzen ez diren edo isilpean dauden egoerak. Alde horretatik, Usurbil ez da salbuespena.

Hiru urrutiratze agindu
Gizarte Zerbitzuek, gai honetan udalerri honi loturiko 2012ko datuen bilketa egin dute. Jasotako informazioaren berri eman dio Nerea Altxuk, Parekidetasun teknikariak eta Gizarte Zerbitzuetako arduradunak, NOAUA!ri. "Iturri desberdinetatik jaso ditugu 2012ko datuak. Alde batetik, Gizarte Zerbitzuetan bi tratu txar egoeren berri izan dugu. Emakumeon egoerak, eskura dituzten baliabideetara bideratu dira. Kasu horiek erantzun bat izan dute. Udaltzainek hiru kasuetan parte hartu dute 2012an. Baina Udaltzaingoak 2006an Ertzaintzaren Hernaniko komisaldegiarekin elkarlanerako hitzarmen bat sinatu zuenez, artatzen dituen kasuak beti Ertzaintzara deribatzen ditu berehala. Hiru kasuetan parte hartu du. Eta gero Hernaniko komisaldegiak eman dizkigun datuen arabera, bost kasu izan dira aurten. Horietatik hiruk urrutiratze agindua dute", adierazi du udal teknikariak.

Laguntza eskatzeko deia
Edozein kasutan, kopurua baino kasuok ematea da larriena Altxuren esanetan. Ezagutzen ez diren zenbat egoera ote dagoen, ezinegona sortzen diela gaineratu du udal teknikariak, NOAUA! astekarirako eskaini duen elkarrizketan. Gainera, ohartarazten duenez, EAE mailan nabarmen igo dira tratu txar egoerak bizi dituzten neska gazteen salaketak. 

Egoerok bizi dituzten emakumeentzat mezu argia helarazi nahi dute Parekidetasun Sailetik: egoera zaila izan arren, "laguntza eska dezatela, eta inguruan ez badute behar bezalako babesik jasotzen, Gizarte Zerbitzuetara jotzeko edo eskura dauden baliabideen informazioa eskatzea emakumeen elkarteei". 

Arazoa halere, denona dela gogorarazten du. "Denok dugu zer esana eta zer egina", adierazi du Altxuk. Alor honetan, gaiok eta alor honi loturiko beste hainbat kontu lantzeko Usurbilen osatua dago Parekidetasun Kontseilua. Abenduaren 13an bilduko da berriz, iluntzeko 19:00etan Potxoenean.

Tratu txar egoeretan, laguntzarako:
-Gizarte Zerbitzuak: 943 377 110.
-Udaltzaingoa: 943 361 112.
-Ertzaintza (Hernaniko komisaldegia): 943 538 840.
-Tratu txar edo sexu erasoak jasandako emakumeei laguntzeko telefonoa: 900 840 111 edo 016.
-Gizarte larrialdietarako foru zerbitzua (24 orduz): 943 22 44 11 edo 112.

Mozio aurkezpena, bihar
Azaroko azken asteartea bihar. Osoko ohiko bilkura burutuko da, 18:00etatik aurrera Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan. Besteak beste, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunari loturiko mozioa aurkeztu eta bozkatuko dute udal ordezkariek.