Eguraldia ez zen aitzakia izan atzo etxean geratzeko, usurbildarrak eta kanpotik etorritakoak Erle Eguneko ospakizunetan murgildu ziren. Hamaulaugarren edizio honek ohikoa baino jende gehiago erakarri du, eta ez hori bakarrik, plaza ingurura gerturatu denak, inoizko postu kopuru handiena aurkitu du. Gozogintza, eta eztia osagai nagusi dituzten hainbat produktu erosteko aukera egon zen atzoko azokan. Tartean, Udarregi Ikastolako ikasleak ere han ziren, eurek eginiko postreak saltzen. Baita BERRIAkoak ere, hain justu, erlauntzaren irudia protagonista izan eta lagun berriak lortzeko ziztada kanpainarekin. Mokadutxoa dastatu nahi zuenak, Dema plazatik Askatasuna plazarako pasabidean talogileak zituen. Eta han eta hemen, Salto eta Brinko pailazoak zebiltzan, urdaiazpiko eder bat zozketatzen.
Sutegira gerturatzeko ere bazen aitzakiarik. Batetik erakusketa aretoan, Erle Egunerako haur eta gaztetxoen artean antolatu den marrazki lehiaketako lanak ikusgai jarri zituzten. Eta auditoriora jaisteko sarreran berriz, azken aldian kaltea baino eragin ez duen liztor asiarrari buruzko erreportajea eskaintzen aritu ziren, telebista baten bidez.
Pilotalekuan gainera, liztor asiarraren kabi "erraldoi" bat ikusteko aukera zegoen, baita Erle Egunari loturiko informazio panelak ere. Frontoia izan zen hain zuzen, atzoko ospakizunen azken minutuetan, arreta gune nagusia. Bertan banatu ziren, urtero moduan, Erle Egunaren testuinguruan antolaturiko hiru lehiaketetako sariak; marrazki, gozogintza eta ezti txapelketako sariak hain zuzen. Aurreko edizioetan bezala, oraingoan ere, erle bat izan zen Elizako kanpandorretik frontoira sariak ekartzeaz arduratu zena. Hori bai, aurtengo erleak itxura berezia zuen. "Senyera"ren (Herrialde Katalanetako banderaren) kolore hori gorriz margotua baitzegoen, sariketarako baliatu zuten erlea. Gogoan izan, atzo Herrialde Katalanetan, hauteskunde eguna zuten. Hauek dira, lehiaketetako sarituen izen abizenak (ondoko argazkian, ezti txapelketako sarituak):
EZTI TXAPELKETA
Iluna:
1-Joxe Anjel Urkia (Oñati).
2-Ramon Geregi (Nafarroa).
Argia:
1-Federico Villafranca (Gares).
2-Miren Lizasoain (Bera).
Milalore:
1-Igor Merino (Barakaldo).
2-Patxi Telleria (Idiazabal).
GOZOGINTZA LEHIAKETA
1-Dolores Borda.
2-Arantxa Zubieta.
MARRAZKI LEHIAKETA
2 urte: Alaitz Alzas.
3 urte: Lier Barrenetxea.
4 urte: Aloña Otxotorena.
5 urte: Mikel Roura.
6 urte: Arantxa Obama.
7 urte: Alex Fernandorena.
8 urte: Goiatz Arriaga.
9 urte: Aitor M.
10 urte: Mario Rodriguez.
11 urte: Nahikari Etxeberria.
ENKANTEA
Iñaki Gorrotxategik eraman zituen ezti poto sarituak, 1.900 euroren truke. Tolosako bere museoan erakusgai jartzeko asmoa du.