Ekaitz, eurite eta hotzaldia tarteko, alerta horian egunotan

Noaua Aldizkaria 2012ko aza. 27a, 00:00

Datozen hiru egunotan, gaurtik hasi eta ostegunera arte, eurite, ekaitz giro eta hotzaldiagatik alerta horian egongo gara. Negua hilabetez aurreratuko zaigula dirudi, Euskalmetetik egiten ari diren iragarpenei kasu egiten badiegu behintzat. Gaur, "zaparrada txiki-ertainak botako ditu, sarriago kantauri isurialdean. Trumoi-ekaitza izateko eta txingorra egiteko probabilitatea handia da, bereziki kantauri isurialdean". Elurra, 800-900 metrotik gora egin dezake. Eta gauean izotz arrisku handia, mendi inguruetan bereziki. "Gaur giro ezatsegina espero dugu eta hoztera egingo du. Zerua oso hodeitsu egongo da eta tarteka zaparradak botako ditu, bereziki kantauri isurialdean. Eguratsa oso ezegonkor egongo denez, tarteka trumoiak jo eta txingor ale txikiak bota ditzake. Ipar-mendebaldeko haizea zakar ibiliko da, batez kostaldean eta mendi inguruetan. Ziertzoak ere bizi joko du. Tenperatura maximoak jaitsi egingo dira; kostaldean ez dira 13ºC-ra iritsiko eta 8 ºC-ra barnealdean. Elur-maila 1000 m inguruan egongo da", dio Euskalmet-en iragarpenak, azaroaren 27 honetarako. 

Ostegunera arte
Bihar goizerako euri zaparradak "mardulagoak izango dira eta sarriago botako ditu". Iparraldeko haizea zakar ibiliko omen da. "Trumoi-ekaitza izateko eta txingorra egiteko probabilitatea handia da", Euskalmetetik diotenez. Alerta horiak indarrean jarraituko du honenbestez. Bai bihar, baita etzi, ostegunean ere. Baina, hilaren 29an jada, "Trumoi-ekaitza izateko eta txingorra egiteko probabilitatea txikia izango da egunaren lehen partean". Nahiz etzi ere, zaparradekin jarraituko dugun.