Asteburuan ekin zitzaion SORTUren eratze prozesuari, Hego Euskal Herri mailan. Tartean, baita Usurbilen ere. "40 lagun inguru bildu ginen SORTUren Oinarri Ideologikoak eztabaidatzera. Taldetan banatu ginen eta guztiok iritziak elkartrukatu eta ekarpenak egiteko aukera izan genuen. Atsedenaldian ez zen kafe eta pastarik falta izan. Gogotsu eta ilusioarekin ekin diogu lehen faseari eta laster bigarren fasean murgilduko gara", berri eman dute usurbileginez.com web orritik.
Bigarren batzarra hain zuzen, abenduaren 15erako deitua dute. Ildo Politikoaren lanketa egin asmo dute, datorren hileko hitzorduan. "Azaroaren 24an parte hartu ezin izan zenutenok datorren eztabaidara gerturatzeko gonbidapena luzatzen dizuegu. Bigarren faseko ponentziak dagoeneko eskura ditugu eta beraz, horietako bat eskuratu nahi baduzue jarri gurekin harremanetan. Eskatu lasai", adierazi dute Usurbilgo Ezker Abertzalearen web orrialdetik.
Usurbilen bezala Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 293 herri eta auzoetan ere abian da, SORTU eratzeko eztabaida prozesua. Usurbileginez.com web orritik jakitera eman dutenez, "aurreko asteburuan jada, 31 herrietan burutu zen lehen batzarra, 745 lagun ingururen parte-hartzearekin. Orokorrean, batzar oso parte-hartzaileak izan dira, eztabaida eta ekarpen askokoak".
Irudia: usurbileginez.com