Belaunaldi arteko kantu-jira berezia, Errausketaren Aurkako Egunean

Noaua Aldizkaria 2012ko aza. 27a, 00:00

Itayak joan den larunbatean antolatu zuen Errausketaren Aurkako II. Egunaren baitan, kantu-jira berezia ospatu zen. Kantu Taldekoek Gazte Asanbladak azaroaren 24rako eginiko deialdiarekin bat egin, eta guztiak batera, kantu-poteoan irten ziren, Usurbilgo Gaztetxetik abiatuta. "Ederra, jendetsua eta dibertigarria izan zen, Gaztetxekoen eta Euskal Kantu Taldekoen artean Usurbilgo kaleetan zehar eginiko Kantu-jira. Gustura sentitu ziren Taldekoak eta Gaztetxekoak amankomunean burutu zuten ekintza honekin. Errepikatzeko modukoa. Euskaratik biziz eta euskaraz kantatuz, Usurbilen Euskaraz Bizitzeari bultzadatxo bat eman zieten, gazte eta hain gazte ez direnen arteko harreman goxo bat sortuz", adierazi dute Euskal Kantu Taldekoek, NOAUA!ra igorri duen oharraren bidez.

Anari, igandean
Bestalde, Errausketaren Aurkako II. Eguneko antolatzaileek ohar bat ere helarazi nahi diete herritarrei. Larunbateko kantu poteoaren ostean, Anari emanadia eskaintzekoa zen Usurbilgo Gaztetxean, baina web orri honetara bidali duten mezuaren bidez, gaixo zegoela eta kontzertua bertan behera geratu zela berri eman dute. Baina igande honetan bai, abenduaren 2an, Anari Usurbilgo Gaztetxean izango da, iluntzeko 19:00etatik aurrera. "Beste talde bat izango du lagun oholtzan, Okene Abregoren ( BAP!, Inoren Ero Ni...) proiektu berria", adierazi dute antolatzaileek.

Errausketaren Aurkako II. Egunak eman zuena, Usurbilgo Gaztetxeak zabalik duen blogean jaso dute, informazio eta irudi bidez. Hala eman dute jakitera, web orri honetara bidali duten mezuan. "Kaixo lagunok! Gaztetxeko blogean lehen kronika idatzi berri dugula zabaldu nahi dugu, jakin ezazue bertan gurean izan diren eta izango diren ekintzen inguruko berri emango dugula. Esan beharrik ez dago edonoren komentario eta iritziak gustura jasoko direla, beti ere zerbait obetzeko balio badute! Ikusi azken kronika: http://usurbilgogaztetxea.blogspot.com.es/2012/11/erraustegiaren-aurkako-ii-eguna.html".

Irudia: Kantu Taldea.