Gaur iluntzeko 19:00etan hasiko da, Andatza Mendizale Elkartekoek antolaturiko 2012ko Mendi Astea. Mendi irteera, proiekzio eta abarrekin hornitua dator, azaroaren 27tik abenduaren 1era jorratuko den egitaraua. Ekitaldi gehienak Sutegin burutuko dira. Ez ahaztu, urtero moduan, ekitaldiok hasi aurretik, mendiko asegurua egiteko aukera izango dela kultur etxean bertan.
Hasteko, gaur iluntzeko 19:00etan hitzaldi bat programatu dute Andatza Mendizale Elkartekoek, "Mendiko ekipamendua eta segurtasuna" izenekoa. "Mendizaletarunaren alde desberdinak, arropa, galtzerdiak, oinetakoak, eskunarruak, betaurrekoak, motxila, bastoiak eta abar, segurtasunaren ikuspuntutik nola aukeratu eta erabili beharko genituzkeen ezagutzeko aukera izango dugu", iragarri dute antolatzaileek.
Kepa Lizarraga EHUko Irakasle Ohorekoa eta kirol medikuntzan aditua jardungo da gai honi buruz, Sutegin burutuko den ekitaldian. "“Médecin et Biologie des Environment Extrêmes”en Diplomatua (Bordeaux), Bizkaiko Foru Aldundiko Kiroletako Zuzendaritzaren Medikua eta Bizkaiko Mendizale Federakundearen Medikua. 1997an Everestera izandako espedizioan partaide izan zen. Joan den urtean, “Consejos para disfrutar de la montaña con salud” argitaratu zuen Pyrenaikaren eskutik eta 200 dibulgaziozko artikulu baino gehiago idatzi ditu mendia, kirola eta osasunari buruz, Garan, Pyrenaikan, Ciclismo a Fondon eta abarren", adierazi dute Andatza Mendizale Elkarteko web orrialdetik.
Hona hemen, Mendi Asteko egitaraua:
Azaroak 27, asteartea
19:00 Sutegin: "Mendiko ekipamendua eta segurtasuna" hitzaldia, Kepa Lizarragaren eskutik.
Azaroak 28, asteazkena
19:00 Sutegin: Andatza Mendi Taldeko irteeren bideo eta argazki emanaldia.
Azaroak 29, osteguna
19:00 Sutegin: Josu Bereziartuaren Broad Peak 2010 hastapenetara itzulera eta “Oria ibaia Usurbilen” gaitzat duen II. Argazki lehiaketaren sari-banaketa eta luntxa.
Abenduak 1, larunbata
08:00 Mendi ibilaldia eta ondoren, Patri jatetxean bazkaria.
Irudia: Andatza.