"Bere lan egiteko modua, obrak, etorkizuneko erronkak...", Jose Luis Zumeta artistaren ibilbidea jasoko duen dokumental bat grabatzen dabil Moztu Filmak ikus-entzunezko enpresa: "Ametsaren Koloreak" izenekoa. Atzerapenik ez bada, 2013rako prest izango dute. Usurbilen estreinatuko dute, oraindik zehazteke badago ere, ziurrenik Zumetari buruzko erakusketa irekitzearekin batera. Hiru hizkuntzatan entzun ahal izango da, euskaraz, gaztelaniaz, eta frantsesez. Usurbilen bakarrik ez, ikus-entzunezkoa gerora museoetan, interesa duten zinema aretoetan edota Euskal Telebistan emititu asmo dute.
"Ametsaren Koloreak" izeneko 52 minutu inguruko lanean ere, Usurbil agertuko da. Usurbilen Zumetak dituen lanak, udalerriko irudiak eta bertan grabaturiko solasaldiren bat baita. Zumetaren lagunek berarekin izandako hainbat solasaldiren bidez erretratatuko dute artista usurbildarra.
Hitzarmen sinatzea gaur
Dokumentalaren zehaztasunon berri, gaur eguerdian eman dute Potxoenean. Ondoko argazkian ageri den moduan, Moztu Filmak ekoiztetxeko ordezkari Iurre Telleriak eta Usurbilgo Udaleko alkate Mertxe Aizpuruak. Bi aldeek, egitasmo honen inguruko lankidetza hitzarmena sinatu dute. Udalak ezinbestekotzat eta garrantzitsutat jo du dokumental honetan bidelagun izatea, "Usurbilgo herria eta bertako seme den Jose Luis Zumetaren ibilbide luzearen erakusleihoa izan dadin". Alkatearen esanetan, "atsegina da hitzarmen hau sinatzea". Bere hitzetan, Usurbilek "harro sentitzeko motibo asko ditu". Tartean, Zumeta bera.
Moztu Filmak ekoiztetxeak bere aldetik, dokumental honi lotuta orain arte eginiko lanketari buruz, Zumetaren sorterriaren laguntza izatea garrantzitsua dela aipatu du. Are gehiago, Usurbildik kanpo finantziazioa lortzeko izan dituzten arazoak kontuan izanda. "Gainerako finantziazioa lortzea asko kosta zaigu. Ia uztekotan ere egon ginen", adierazi du Telleriak. Baina ez. Egitasmoarekin aurrera jarraitu dute, eta atzerapenik ez bada, 2013an "Ametsaren Koloreak" dokumentala ikusgai izango dugu. Estreinaldia, Usurbilen.