Andatza Mendizale Elkarteak aurten ere, hilero antolatu dituen irteeretan ateratako argazki eta grabaturiko bideoak ikusteko aukera izango da gaur iluntzeko 19:00etatik aurrera, Sutegiko auditorioan. Uzturre, Aratz, Azpeitia-Usurbil ibilaldia, Andatza Eguna, Ezcaray, Pirinioetako Tebarrai-Panticosa bi eguneko irteera, Enkarterrietako Lanzas Agudas-Pandozales (ondoko argazkian), eta Gorbeiara egindako txangoa oroitzeko aukera izango da asteazken honetan. Guztia, aipatu moduan, irudi eta bideo bidez.
Gogoan izan bestalde, Sutegiko auditoriora proiekzioa ikustera jaitsi baino lehen, kultur etxean bertan, 2013rako federatu txartelak berritzeko aukera izango dela. Larunbaterako, Mendi Astea borobiltzeko, Andatzakoek antolatu duten irteera eta bazkarirako izen emateko aukera ere izango da.
Hauek dira, Mendi Asteko datozen hitzorduak:
Azaroak 28, asteazkena
19:00 Sutegin: Andatza Mendi Taldeko irteeren bideo eta argazki emanaldia.
Azaroak 29, osteguna
19:00 Sutegin: Josu Bereziartuaren Broad Peak 2010 hastapenetara itzulera eta “Oria ibaia Usurbilen” gaitzat duen II. Argazki lehiaketaren sari-banaketa eta luntxa.
Abenduak 1, larunbata
08:00 Mendi ibilaldia eta ondoren, Patri jatetxean bazkaria.
Irudia: Andatza.