"Ez da egia ez dutela ezer egin nahi", adierazi zuen atzoko osoko ohiko bilkuran Mertxe Aizpurua alkateak, Usurbilen eraikitzeke dagoen adinekoen egoitza egitasmoaren inguruan. Usurbilgo PSE-EE taldeak hain zuzen, astearte honetako saioan mozioa aurkeztu zuen. Bertan, aipatu egoitza modu planifikatu batean eraikitzeko Udala eta Aldundia akordio batera heltzea eskatzen zuen. PSE-EEkoen esanetan, "Aldundia arazoari konponbidea eman gabe dabil oraindik. Bakarrik esaten du, plaza gehiago eskaini nahi dituela, baina ez du konponbideren bat kudeatzen". Gogorarazten zuenez, joan den maiatzean, Irun, Usurbil eta Elgoibarko adinekoen egoitzak sustatzea eskatzen zuen mozioa onartu zen Batzar Nagusietan. Eta horren aurrean, PSE-EEkoen mozioak dioenez, Batzar Nagusiek onartutakoari, "gobernu foralak ez dio jaramonik egiten". Egoera honek, Usurbilgo adinekoak kanpora joan beharra edota itxaron zerrendetan egotea eragiten ari dela zioen atzo, sozialisten bozeramaile Ricardo Crespok aurkeztu zuen testuak.
Eraiki baino lehen, plazak betetzea lehentasuna
Horren aurrean, mozioak jasotakoa gezurtatu zuen gobernu taldetik, alkate Mertxe Aizpuruak. Bere esanetan, egitasmoa "ez dago geldituta. Ez dira utzikeriaz ari gai honekin". Udala eta Aldundia hartu emanetan direla eta elkarlana badela gaineratu zuen. Bere esanetan, "epe motzera seguru ez da egingo. Epe ertain batera, ordea egin daiteke".
Epe motzera adinekoen egoitza egitasmoa gauzatzeko modurik ez izatearen arrazoia ere azaldu zuen Aizpuruak. "Ongizate Departamendutik eraikin berri bat egin baino lehenago, plazak bete behar direla diote", adierazi duen. Zentzuz jokatu nahi dutela, baina Aldundiak Usurbilgo egitasmoa ez duela alboratu argitu zuen.
Horrekin batera, Batzar Nagusiek Irun, Elgoibar eta udalerri honetan adinekoen egoitza proiektuak sustatzeko hartutako erabakiari buruz ere zenbait argibide eman nahi izan zituen alkateak. Batetik, Usurbili buruzko hitzarmenik dagoenik ukatu zuen. Elgoibarkoa, 2011ko udal hauteskundeak baino astebete lehenago hitzartu zela, eta Irungoa sustatzeko aipatu hauteskundeak izan eta bi egunera. Aldundiak bai bideratua duela diru partida bat, Usurbilgo adinekoen egoitzarako, 50.000 euro, alkatearen esanetan. Baina argi denez, Aizpuruak atzoko osoko bilkuran esan zuenez, "diru horrekin ezer gutxi egin daitekeela esan zitzaigun". Honez gain, arazo ekonomikoak tarteko, Matia Fundazioak ere une honetan, inbertsio honi ezin diola heldu gaineratu zuen.
Ez zen onartua izan
Gai honen inguruan ere, hitza hartu zuen Aralarrek. Usurbilen, adinekoen egoitzaren beharra badela adierazi zuen Joxe Ramon Furundarenak. Bere esanetan, "jende asko doa, beste erresidentzietara". Foru Aldunditik egoitza publikoak bultzatu beharko lituzketela adierazi zuen. Eta honenbestez, mozioari lotuta, "desblokeatzea eskatzen dena aurreko proiektua bada", abstenituko zirela iragarri zuen.
Gauzak hala, mozioak ez zuen behar besteko babesa jaso, ez zen onartua izan. Bilduk aurka bozkatu baitzuen, Aralar abstenitu zen. Testuarekin bat egin zuten aldiz, PSE-EE, EAJ-PNV eta Hamaikabat taldeetako udal ordezkariek.