Israelen erasoaldi militarraren aurrean, palestinar herriari "babesa, elkartasuna eta errespetua" adierazi zion udalbatzak, atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran, Usurbilgo Elkartasun Taldeak aurkeztu eta onartu zuten mozioaren bidez. Lau puntuko testuan zera galdegiten da, "Israelgo Gobernuak bere betebeharrak bete ditzan, Nazioarteko komunitateari presionatzeko dauzkan baliabide guztiak erabil ditzala eska diezaiola; hau dena Eskubide Estatua berresteko eta bakea eta palestinar biztanleen seguritatea defendatzeko, palestinarren oinarrizko giza eskubideak barne. Zentzu honetan, Israelek palestinar biztanleak menperatzeko aparheid politikoarekin jarraitzen duen bitartean, BDS (boikot, desinbertsio eta zigorrak) kanpainarentzat babesa eska dezala".
Usurbilgo Elkartasun Taldeko ordezkari Jose Piñas usurbildarrak osoko bilkuran irakurri zuen testuak honakoa gaineratzen du: "Estatu Espainoleko gobernuari, Atzerri-ministerioaren bidez, Palestina herriarekiko elkartasun adierazpen hau israelen dauden erakunde eskudunei jakinaraztea eska diezaiola. Sinatutako akordioak errespeta ditzala eta Palestina herriaren, edozein behin-betiko akordioko partaide dena, giza eskubideak berma ditzala eska diezaiela".
Azkenik, mozioko laugarren puntuak konponbiderako deia jasotzen du. "Palestinar-israeldar gatazka honen konponbiderako, nazioarteko partaidetzaren aldeko apustua berretsi dezala, aldeaniztun-elkarrizketen bidez, partaideek aurrerapausoak eman ditzaten Nazio Batuen 194. ebazpena gauzatu dadin".
Desadostasunak, puntu batean
Hamaikabat taldeak mozioa puntuz puntu bozkatzea eskatu zuen. Desados agertu ziren, testuko bigarren puntuak jasotakoarekin. "Errua dutenei eta ez dutenei", boikota "herri osoari aplikatzea"aren aurka agertu zen taldeko bozeramaile Luis Mari Ormaetxea. Bestalde, puntu berean, Israel hitzaren barruan israeldar guztiak bere baitan hartzearekin ere desados agertu zen, gogorarazi zuenez, bai baitaude "israeldar gartzelaratuak ere, Gobernuaren aurka egoteagatik".
Azken zuzenketa hau aintzakotzat hartu, eta mozioan aldaketa txertatzea adostu zuen udalbatzak. Israel ordez, Israelgo Gobernua jartzea egokiago ikusi zen. Halere, aldaketa honek, udal ordezkariak bigarren puntu horren inguruan, adostasunera heltzea ez zuen ahalbidetu. Aipatu moduan, lehen aipaturiko lau puntuez osatua zegoen mozioa. Puntuz puntu bozkatzea erabaki zen. Lautik hiru puntu aho batez onartu zituen udalbatzak. Baina boikoterako deia jasotzen zuen puntuan desadostasunak izan ziren. Aurka bozkatu zuten EAJ-PNV eta Hamaikabatek. Abstentziora jo zuen PSE-EEk. Aralarreko bozkak erdibituta geratu ziren, bozka bat abstentzioaren alde, bigarrena testuaren alde. Eta gobernu taldea ere mozioaren alde agertu zen.