Atzoko gai zerrendan iragarria zegoen bigarren mozio bat ere talde guztiek bat eginda aurkeztu eta aho batez onartu zuten. Ingurumen alorreko gai bati loturiko testu bat; kutsadura elektromagnetikoa hizpide zuen mozioa hain zuzen. Eremu honetan ardura duen gobernu taldeko zinegotzi Jose Maria Rivadeneyrak aurkeztu zuen gaia, udalbatzaren aurrean. Gai honetan, iaz Europar Batasunak hainbat gomendio jarraitzea jasotzen duen ebazpen bat onartu zuela berri eman zuen. Aholkuetako batzuk "udalei betetzea egokitzen zaizkie" adierazi zuen. Eta udal talde guztiek adostuta, atzo aurkezturiko mozioak, "bat egiten du Europako Kontseiluko Legebiltzarkideen Batzarrak, 2011-5-27 egunean onartutako bere 1815 ebazpenarekin".
Mozio honen bidez, beste pauso bat ere ematen du Usurbilgo Udalak. "Usurbilgo Udal Batzarra, aipaturiko ebazpenean jasotzen diren gomendioak Usurbilgo eraikin publikoetan ezartzearen alde agertzen da, Gipuzkoako Batzar Nagusiek bere 2012-6-22 eguneko 72/2012 ebazpenean eskatutakoari kasu eginez". Batzar Nagusiek bakarrik ez, Rivadeneyrak gogorarazi zuenez, Eusko Legebiltzarrak ere aho batez onartua du kutsadura elektromagnetikoa gutxitzeko Europako Kontseiluaren ebazpena, eta Jaurlaritzari aintzakotzat hartzea ere eskatua dio.
Galera handiak, neurriei kasu egin ez bazaie
Mozioak oso modu argian jasotzen du, Europako Kontseiluak onarturiko ebazpenak egiten duen jakinarazpena: "Zuhurtzia Printzipioa erabili behar da balorazio zientifikoak ezin duenean zehazki ezarri zein den benetako arriskua. Populazioaren esposizioa gero eta handiagoa dela ikusita, eta bereziki kalteberak diren gazteak eta umeak, eragindako giza-kostuak eta kostu ekonomikoak ikaragarriak izan daitezke garaiz egindako oharpenei kasu egiten ez bazaie".
Horregatik, Europatik alor honetan neurriak hartzeko deia egiten dute. "Eremu elektromagnetikoekiko esposizioa gutxitzeko zentzuzko neurriak hartzea, bereziki telefono mugikorrek igorritakoak, eta partikularki umeen eta gazteen esposizioa gutxitzea, hauen kasuan buruko tumoreak garatzeko arrisku handiagoa dela dirudi eta". Atzo udalbatzak aho batez onartu zuten testuak, Europatik proposaturiko neurrietako batzuk jasotzen ditu:
-"Barruan mikrouhinen esposiziorako epe luzeko mugak ezartzea, Zuhurtzia Printzipioa jarraituz, 0,6 Voltio/metro gainditu gabekoak".
-"Lehentasuna eman, bereziki umeentzako eta orokorrean eskoletan eta geletan, kable bidezko Interneterako sarbideei, eta zorrotz arautu ikasleen telefonoen erabilera eskolan bertan".
-"Hirigintzako arauak ezarri etxebizitzen eta tentsio altuko lineen eta beste instalazio elektrikoen arteko distantzia segurua behartzeko".