Atzoko osoko bilkuran bozkatu zen mozioetako bat, udal talde guztiek bat eginda aurkeztu zen. Bildu, Aralar, Hamaikabat, EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeak erabateko adostasunera helduta, aho batez onartu zuten, azaroaren 25eko, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionala.
Testu honen bidez, zenbait konpromiso hartzen ditu Usurbilgo Udalak. Batetik, "indarkeriari aurre egiteko politika integralari dagokionez, mota desberdinetako neurriak hartu beharko ditugula kontuan, besteak beste heziketan oinarritutako prebentzio neurriak, eraso baten ondorengo neurri asistentzialak edota erantzun soziala artikulatzeari begirakoak". Bigarrenik, "hitzetik ekintzetara" pasatzea, "emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politiko aktibo, osoa eta koordinatua garatzeko". Eta hirugarrenik, Udalak bitartekoak jartzeko konpromisoa hartzen du, "autodefentsa feministaren beharra transmititu eta emakumeek lanketa berezia egin dezaten".
Emakume gazteen aurkako erasoak ugaritzen ari diren honetan gainera, "udaletxe honek Beldur Barik programaren oinarriak onartzen ditu lan-tresna bezala, gazteriaren artean prebentzioa eta sentsibilizazioa lantzeko".
Beste eredu sozial baten beharra
Lan ildo hauetatik, mozioan adierazten denez, "Usurbilgo Udalak biolentzia matxistaren aurka lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du, gure Udalerrian ere irauten duen gaitza baita". Bikote edo bikote ohi eremuan ematen diren tratu txar fisiko eta psikologikoak salatzen ditu mozioak, baita krisi garaian zerbitzu publikoen murrizketen eraginez sortzen diren bulnerabilitate egoerak, edota emakumeak norbere bizitzaz erabakitzeko ahalmenik gabe kokatzen dituzten hainbat eragile politiko, sozial, judizial eta hedabideren adierazpenak ere.
Emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzeko, emakume eta gizonen arteko parekidetasunean oinarrituko den beste eredu sozialerantz pausoak emateko konpromisoa ere hartzen du Udalak.
Parekidetasun Sailaren egoitza, ondoko argazkian.