18 urtetik gora espetxean izan ostean, datorren astelehenean, abenduaren 3an aske gera daiteke Ramon Uribe. Egun horretan kalean bada, harrera egingo zaio iluntzeko 19:30etan Ostapen. Egun, Salamancan dago preso usurbildarra, Topasen. 1994ko ekainaren 5ean atxilotu zuen Guardia Zibilak, bere tabernan. Donostiako kuartelean eta Madrilgoan izan zen artean, baita Auzitegi Nazionalerako bidean jasandako tratu txarrak salatu zituen. Honek guztiak, sekulako buruko minak eta buruaren atzealdea handitua izatea eragin zizkion. Tratu txarrengatik salaketa jarri zuen, baina artxibatu egin zuten.
1994. urtean atxilotu zutenetik, espetxe desberdinetan egon da preso:
-Carabanchelen: 1994/6/9 (egun batzuk)-1995/5/20 (diligentziak)
-Ocañan: 1994/7/18-bi urte.
-Valdemoron (diligentzia judizialak): 1995-1-31/1996-4-16/1996-10-2/1997-1-30.
-Segovian: 1996/10/16tik, 3 urte.
-Dueñasen (Palentzia): 1999/9/14-2000/7/5.
-Langraitzen: 2000/7/7-2009/10.
-Topasen (Salamanca): 2009/10/20-gaur egun.
Kalean behar zuen
Astelehenera arte itxaron beharko da, Uriberekin zer gertatuko den ikusteko, nahiz kalean behar zuen jada. Duela urtebete, Usurbilen osatu berria zen Egin Dezagun Bidea taldeko ordezkariek NOAUA!ri eskainitako elkarrizketan salatzen zutenez, "herriko hiru presok zigorraren hiru laurdenak beteak dituzte eta oraindik kartzelan jarraitzen dute". Tartean, Ramon Uribek, baita Xabier Aranburu eta Jokin Errasti preso aginagarrek ere. Aranburuk bost urte lehenago kalean behar zuela gogorarazten zuten, eta espetxe zigorra betetzear izan arren, Uriberekin zer gerta zitekeen argitu ezina zela adierazten zuten. "Ramon Uribe bera ere betetzear dago zigor osoa baina beldur da berriro legedi famatu hori aplikatzen badiote, 197/2006 sententzian jasotakoa, zigorra 30 urte arte edo luzatzea...", adierazi zuten Egin Dezagun Bidea bilguneko kideek.