Mendi Asteari lotuta, hitzordu bikoitza antolatu dute ostegun honetarako, Andatza Mendizale Elkarteko kideek. Iluntzeko 19:00etatik aurrera, lehenik, ikus-entzunezko bat Sutegin; Josu Bereziartuaren, "Broad Peak 2010, hastapenetara itzulera" izenekoa.
"Hastapenera itzultzeko gogoekin nenbilen. Mediatikoki baldintzatutako azken hogei urteak alde batera utzi, eta mendiaz eta lagunez gozatzeko beharra sentitu nuen. Nire mendi ibilbidearen hasieran bezala libre sentitzeko helburuarekin Karakorumera abiatuko naiz", jasotzen du aurrerapen moduan, Andatzakoen web orriak. Hortik aurrerakoak, gaur iluntzeko 19:00etatik aurrera ikusi ahal izango dira Sutegin.
Oria ibaiko argazki onenak
Ekitaldi berean banatuko dira, Andatza Mendizale Elkartekoek antolaturiko II. Argazki Lehiaketako sariak. Gogoan izan, edizio honetan, Oria ibaiko irudiekin parte har zitekeen ekimenean. Epaimahaiak argazki onenak aukeratuak ditu. Jabeek gaur jasoko dituzte sariak, Sutegiko auditorioan. 100 euro, 75 euro eta 50 euro jasoko dituzte hurrenez hurren, hiru argazki onenek. Eguna, luntx batekin borobilduko dute. Ondoan, iaz sari banaketa eta luntxa ospatu zen eguneko argazkia.
Egunotan gogorarazi bezala, gaur ere, Sutegiko ekitaldia hasi aurretik, 2013rako federatu txartelak berritu edota Mendi Astea amaitzeko, larunbaterako antolatu duten irteera eta bazkarian izen emateko aukera egongo da, kultur etxean bertan.
Mendi Asteko azken ekitaldiak dituzue hauek:
Azaroak 29, osteguna
19:00 Sutegin: Josu Bereziartuaren Broad Peak 2010 hastapenetara itzulera eta “Oria ibaia Usurbilen” gaitzat duen II. Argazki lehiaketaren sari-banaketa eta luntxa.
Abenduak 1, larunbata
08:00 Mendi ibilaldia eta ondoren, Patri jatetxean bazkaria.