Ekitaldi sorpresa bat gordea zuen Andatza Mendizale Elkarteak atzorako. Hasiera batean, iragarri moduan joan zen ostegun iluntzea Sutegin. Lehenbizi, Josu Bereziartuaren, "Broad Peak 2010, hastapenetara itzulera" izeneko ikus-entzunezkoaz gozatu ahal izan zuten, Sutegi ia bete zuten herritarrek. Bereziartua ere ekitaldian bertan zen, aurkezle lanak egin zituen lehenik, eta bere esperientziari buruz galderak egiteko aukera izan zen proiekzioa eta gero.
Iragarri bezala baita, Andatzakoek udazken honetarako deitua zuten II. Argazki Lehiaketako sariak banatu ziren. Amaitu eta berehala etorri zen sorpresa. Aurtengo Mendi Astean, Andatza Mendizale Elkartekoek hiru herritar mendizale beterano omendu nahi izan dituzte; ondoko irudian ageri diren, Miel Arrastoa, Martin Agirresarobe eta Prudentzio Egileta. Hirurek oroigarri gisa, Sutegiko oholtza gainera igo, eta Josu Bereziartuaren eskutik, makila bana jaso zuten bertaratutakoen txalo artean eta Kerman Errekondo herritarrak abesturiko bertsoekin batera.
Aipatu moduan, aurretik, II. Argazki Lehiaketako sariak banatu ziren. Aurtengoan, antolakuntzak proposaturiko gaia Oria ibaia zen. Erriyoa erretratatu behar zuten, ekimenean parte hartzera animatzen zirenek. Guztira, 32 lan aurkeztu dira. Horien artean, epaimahaiak hiru onenak aukeratu zituen atzo. Bitxikeria moduan, sendi bereko aita semeak izan dira, aurtengo sarituak:
1-"Ispilu Margotua": Joxe Mari Rezola Azurmendi. Saria: 100 euro.
2-"Urak dakarrena": Arkaitz Rezola Mendikute. Saria: 75 euro.
3-"Aliriko zubipetik": Jokin Rezola Mendikute. Saria: 50 euro.
Sariak auditorioan banatu ostean, erakusketa aretoan, lehiaketara aurkeztu diren lan guztiak ezagutzeko aukera egon zen. Baita antolakuntzak prestaturiko luntx ederra dastatzekoa ere.
Amaitzeko, irteera eta bazkaria bihar
Larunbat honetan, abenduaren 1ean emango zaio amaiera aurtengo Mendi Asteari. Irteera bat programatu dute bihar goizerako. Azken egunotako eguraldi kaskarrak, mendi irteera bera baldintzatu du. Azkenean, osteratxoa egingo da udalerri inguruan, antolatzaileek atzo Sutegin iragarri zutenez. Biltzeko hitzordua, goizeko 8:00etan jarri dute frontoian. Bueltan, aldez aurretik izena eman dutenek, Patri jatetxean bazkalduko dute.