"Tipi-Tapa", pintxo jatera igandean

Noaua Aldizkaria 2012ko aza. 30a, 00:00

Abenduaren 2an, igande honetan beraz, "Tipi-Tapa" ekimen berria jarriko da martxan Usurbilen. Bost tabernetan, Txiribogan, Aitzagan, Bordatxon, Artzabalen eta Txapeldunen, 2 euroren truke bakailoarekin eginiko pintxo bereziak eta edateko, urteko ardoa, sagardoa edo txakolina dastatu ahal izango da (edo pintxoa bakarrik, 1,5 euroren truke). Egitasmoa, Hurbilago Usurbilgo Merkatari eta Ostalarien Elkarteak antolatu du, Udala babesle duela. Bost edaritegi bildu dira, ekimen berri honen inguruan. 

Aurrerantzean, hilero, lehen igandetan ospatuko den "Tipi-Tapa" ekimen berri hau ordea haratago doa. Herritarrei, bost taberna hauetan barrena ibilbidea osatzera animatzen zaie. Hartara, "Tipi-Tapa" bost taberna hauetatik barrena ibilbidea osatzen duenak, 300 euroko erosketa-balea irabazteko aukera izango baitu. 

Zer egin horretarako? Igande goizean, Txapeldun, Artzabal, Bordatxo, Aitzaga edo Txiribogara gerturatu. Bertan, "Tipi-Tapa" ekimeneko pintxo berezia dastatzen duenak "Tipi-Tapa Txartela" jasoko du. Txartelean, ekimen honekin bat egin duten bost tabernen izenak agertuko zaizkio. Taberna bakoitzean, "Tipi-Tapa"ren baitan proposatzen den pintxo berezia dastatzen joan ahala, zigilu bat jarriko dio tabernariak. Bost tabernetan, pintxo berezia eta edaria dastatu ostean, hau da, bost zigiluak eskuratu ostean, bost taberna hauetan egongo diren kutxetko batean txartela sartu, besterik ez. Horixe, egin behar dena. Eta modu horretan, 300 euroko erosketa-balearen zozketan parte hartu ahal izango da. 

Lehen zozketa, igandean
Igande bakar batean, bost zigilu ez, hiru bakarrik lortu dituenak adibidez, hurrengo "Tipi-Tapa" hitzordura arte itxaron beharko du, falta zaizkion beste bi zigiluak eskuratu eta zozketan parte hartzeko. Zozketak, bi hilean behin egingo dira (aipatu moduan, "Tipi-Tapa" hilero, lehen igandetan). Lehenengoa, igande honetan bertan, 14:30etan Txapeldun tabernan.

Ekimen berri honi buruzko zehaztasun gehiago web orri honetan ematen joango gara egunotan. Baita azaroaren 30eko astekarian ere. 

"Tipi-Tapa" joan den ostiralean aurkeztu zuten Atxega jauregian. Argazkian, ezkerretik eskuinera: Ana Pérez (Usurbil Optikako arduraduna eta Hurbilago Elkarteko presidentea), Mikel Garmendia (Atxega Jauregia), Paulino Ibargoien -makurtuta- (Bordatxo) eta Mikel Elexpe (Txapeldun), Tipi-Tapa iragartzen duen kartelaren ezker aldean. Eskuin aldean, berriz, Arantxa Unanue (Txiriboga), Imanol Grijalba -makurtuta- (Aitzaga), Igor Gorriti eta Aroa Bengoetxea (Artzabal).