Larunbateko "Euskaraz bizi nahi dugu" manifestaziora joateko deia

Noaua Aldizkaria 2012ko aza. 30a, 00:00

Abenduaren 1erako, hau da larunbat honetarako, Kontseiluak manifestazioa deitu du Donostian, "Euskaraz bizi nahi dugu" aldarripean. Arratsaldeko 17:00etan abiatuko da, Anoeta paretik. Atxikimendua eman nahi duenak, web orrialde honetan  bertan du, euskarazbizinahidut.org atarirako lotura.

Usurbilgo Udal Gobernu Taldeak ere mobilizazio honekin bat egin eta herritarrak bihar Gipuzkoako hiriburura gerturatzera deitzen ditu. Honen haritik, eta astelehenean Euskararen Nazioarteko Eguna dugula jakinik, adierazpena kaleratu du gobernu taldeak. Hona hemen testua, bere osotasunean:

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospartzen da. Urtero, gure hizkuntzaren aldeko aldarrikapenak egiteko egun sinboliko bihurtu da. Egutegian gorriz azpimarratua dagoen egun bakarra izan ordez, urteko egun guztiek gogorazi beharko ligukete euskararen eguna ez dela abenduaren 3a bakarrik: egun orok izan beharko lukeela euskaraz bizi eta hitz egiteko eguna.

Usurbilgo herria Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) partaide da. Usurbilen euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzen zaigu. Esparru publiko nahiz pribatuan gure hizkuntza erabiltzeko eskubidea dugu usurbildarrok.

Zoritxarrez, euskaraz bizitzeko eskubidea ez da Euskal Herri osora zabaltzen. Iparraldean, esaterako, euskarak ez du berezko estatusik. Nafarroan aldiz, kolonizazio garaikoak diruditen marra imaginario batzuek bereizten dituzte euskaraz bizitzeko aukerak.

Bide luzea du euskarak aurretik; beti oztopoz betea datorren bidea. Baina euskaldun guztion lana da euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzea. Dena den, gure lehen egitekoa euskara bera esparru guztietan erabiltzea da; gugandik abiatuta, euskararen haize freskoak zirimola sor dezan Euskal Herri osoan.

Aspalditik gatoz eta urrutira goaz: gure lehen betebeharra da euskararen haize freskoak zirimola sortzea Euskal Herri osoan.

Usurbilgo Udal Gobernu Taldeak bat egiten du bihar, abenduak 1, Kontseiluak Donostian “euskaraz bizi nahi dugu” lelopean antolatu duen manifestazioarekin. Era berean, usurbildar guztiei bertaratzeko deia egiten diegu, gurea den hizkuntzan bizitzeko eskubidea guztion artean aldarrika dezagun.

Usurbil bezalako herri euskaldunak nahi ditugu Euskal Herri osoan. Euskaraz bizitzeko eskubidea Aturritik Ebrora zabal dadin aldarrikatu nahi dugu, euskaldun guztiok gure hizkuntza erabiltzeko eskubidea bermatua izan dezagun.

Usurbilen, 2012ko azaroaren 30ean.
Usurbilgo Udal Gobernu Taldea