Usurbileginez.com web orrialdeak aurreratu duenez, Parot doktrina aplikatu diote espetxe zigorra astelehen honetan betetzekoa zen Ramon Uriberi. Honenbestez, preso usurbildarra ez dute aske utziko. Egoera salatzeko herri asanblada deitu da frontoian, gaur iluntzeko 19:30etarako. Ondoren, protesta zaratatsua egingo da. "Soinua atera dezaketen objektuak ekartzera animatzen zaituztegu: txilipituak, kazuela zaharrak, sirenak... ", deitu dute. Senideen bidez, Uribek berak honako mezua helarazi die herritarrei: "irrifarra eta borroka!".
Gaur iluntzeko mobilizazioa, joan den ostiralean, azaroaren 30ean euskal presoen eskubideen alde Mikel Laboa plazan burutu zen elkarretaratzean iragarri zuten. Uribe gaur aske uzten bazuten harrera egingo zitzaiola Ostapen, eta halakorik gertatzen ez bazen, egoera salatzeko mobilizazioak deituko zituztela aurreratu zuten. Aipatu moduan, lehenengoa, gaur iluntzerako 19:30etan frontoian. Elkarretaratze berean, sakabanaketak eragindako istripuak salatu ziren.
Topasen (Salamanca), 2009az geroztik
18 urtetik gora espetxean daramatza Ramon Uribek. Egun, Salamancan dago preso usurbildarra, Topasen. 1994ko ekainaren 5ean atxilotu zuen Guardia Zibilak, bere tabernan. Donostiako kuartelean eta Madrilgoan izan zen artean, baita Auzitegi Nazionalerako bidean jasandako tratu txarrak salatu zituen. Honek guztiak, sekulako buruko minak eta buruaren atzealdea handitua izatea eragin zizkion. Tratu txarrengatik salaketa jarri zuen, baina artxibatu egin zuten.
1994. urtean atxilotu zutenetik, espetxe desberdinetan egon da preso:
-Carabanchelen: 1994/6/9 (egun batzuk)-1995/5/20 (diligentziak)
-Ocañan: 1994/7/18-bi urte.
-Valdemoron (diligentzia judizialak): 1995-1-31/1996-4-16/1996-10-2/1997-1-30.
-Segovian: 1996/10/16tik, 3 urte.
-Dueñasen (Palentzia): 1999/9/14-2000/7/5.
-Langraitzen: 2000/7/7-2009/10.
-Topasen (Salamanca): 2009/10/20-gaur egun.
Kalean behar zuten
Duela urtebete, Usurbilen osatu berria zen Egin Dezagun Bidea taldeko ordezkariek NOAUA!ri eskainitako elkarrizketan salatzen zutenez, "herriko hiru presok zigorraren hiru laurdenak beteak dituzte eta oraindik kartzelan jarraitzen dute". Tartean, Ramon Uribek, baita Xabier Aranburu eta Jokin Errasti preso aginagarrek ere. Aranburuk bost urte lehenago kalean behar zuela gogorarazten zuten, eta espetxe zigorra betetzear izan arren, Uriberekin zer gerta zitekeen argitu ezina zela adierazten zuten. "Ramon Uribe bera ere betetzear dago zigor osoa baina beldur da berriro legedi famatu hori aplikatzen badiote, 197/2006 sententzian jasotakoa, zigorra 30 urte arte edo luzatzea...", adierazi zuten Egin Dezagun Bidea bilguneko kideek.